"Taldeak joan den astean Urolaren kontra izandako sentsazio onei eutsi gura die, eta defentsa on batean oinarritu nahi dute jokoa, horrek emango die-eta partidua irabazteko aukera", adierazi du, aste barruan, klubeko ordezkari Josetxo Muniategik. Izan ere, Edu Orgazen taldeak, nahiz eta baja dezente izan, itxura polita erakutsi zuen Urolaren kontra (24-21), eta, bigarren taldeko gazteek lagunduta, etxean jarraian jokatuko duten bigarren partiduan ere bi puntuak batu gura dituzte.
Biak ere puntu beharrean
Sailkapenean Soraluce BKE (12 puntu) Oñatiko Sesiñena Aloña (7 puntu) baino apur bat aurrerago dago, baina oñatiarrek partidu bat dute oraindik jokatzeko. Bada, bi taldeak dabiltza atzealdeko postuetatik urruntzeko borrokan, eta zapatuko bi puntuek balio handia dute. Zazpi jardunaldi geratzen zaizkie.