"Aurrerapauso handia egin dut urtebetean"

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 22a, 19:16

Duela hamabost egun Ibai Fernandez atleta arrasatearrak Euskadiko Txapelketan egindako marka azpimarratu zuen GOIENAk –urrezko domina 60 metrokoan–. Podiumean, baina, ondoan bergarar bat zuen, atletismora iritsi berritan marka ikusgarriak egiten dabilen Andoni Calbano (Bergara, 2000). Martxoko lehen asteburuan Ourensen lehiatuko da, 20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du eta.

Bergara futbol taldeak hegaleko jokalari azkar bat galdu du.

[Barre] Futbolean jokatu dut 16 urtera arte, eta gustura nenbilen, egia esateko. Baina oso kirolzalea naiz, eta atletismoa probatzeko harra nuen barruan. Bada, arrebak Eibarko atletismo taldekoekin harremana zuen, eta haren bitartez joan nintzen 2016ko abenduko egubakoitz iluntze batean Unbera [Eibar] saio batzuk egitera. Eta, gaur arte.

Iaz futbola eta atletismoa bateratzen ibili zinen.

Bai; baina oso nekagarria zen. Astean bost entrenamendu saio nituen, ikasketak... Gogoan dut ikastolan lo geratzen nintzela, eta aukeraketa egiteko orduan atletismoaren aldeko apustua egin nuen.

Eta aukeraketa ona izan da?

Bai. Atletismoak benetan harrapatu nau, eta konturatzen zara kanpotik jendeak ze gutxi dakien kirol honi buruz. Kirol indibiduala da, norberaren markak dira garrantzitsuak, baina sekulako giroa dugu, txapelketetan oso saltsa polita egoten da... Eta entrenamenduak ere oso dibertigarriak dira.

Ez da ohikoa urtebete daraman batek halako markak egitea.

Oso harrituta nago denbora laburrean egin dudan saltoarekin, sekula ere ez nuke halakorik amestuko. Entrenatzen hasi eta gutxira hasi nintzen markak lortzen [60 metrokoan 7.15eko marka du eta 100 metrokoan, berriz, 11.44koa]. 

"Ze garrantzitsua den burua!"

Atletismoan daraman urtebetean, Calbano Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan nabarmendu da –asteburuan urrea jantzi du Gipuzkoako Txapelketan, 60 eta 200 metroko probetan–. "Oso ehunen gutxitan erreakzionatu behar da, eta konturatzen zara txapelketetan ze garrantzitsua den erabat kontzentratuta egotea. Buruak agintzen du hemen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak