Egubakoitzean abiatu zuen Bertsozale elkarteak Gipuzkoako Eskolartekoa. Sei bertsolari lehiatu ziren Zestoako Lau Iturri Elkartean, –horien artean zen Bittor Zubiagirre oñatiarra–, eta Imanol Albizuk lortu zuen apirilaren 2an Lasturren jokatuko den finalerako txartela.
Haizea Arana eta Aitor Tatiegi
Etzi jokatuko duten bat-bateko bigarren kanporaketan, Debagoieneko bi ordezkari izango dira Aitor Tatiegi oñatiarra eta Haizea Arana eskoriatzarra; horiekin batera Oier Ibarzabalek, Jon Azpirozek, Joane Aldalurrek eta Iker Letamendiak osatuko dute seikotea. Tatiegik eta Aranak aurreko astean bukatu zen Oñatiko Txinparta Gazte Sariketan parte hartu dute eta indartsu daudela erakutsi dutela diote Oñatiko Bertso Eskolakoek.
Txapelketako kanporaketa guztiak moduan, bertso-afari formatuan izango da etziko saioa ere. "Bihar, eguena, eguerdian itxiko da afarirako izena emateko epea, oraindik kopuru zehatza jakiteke, 55 lagun elkartuko gara 20:00etan afaltzeko; saioa 21:30ak inguruan hasiko da eta bertaratu gura duten guztientzako izango dira Larrain-Gain elkarteko ateak zabalik", azaldu Txinparta Bertso Eskolako Iñaki Olaldek.
Idatzizko atala ere bai
Bat-bateko sei saioez gainera, idatzizko zortzi saio ere izango dira aurtengo Eskolartekoan. Bailaraka antolatu dituzte eta martxoaren 6an egingo dute lehenengoa Lezon. Debagoienekoak martxoak 13an elkartuko dira Amaia antzokian.