Hona hemen, gazteetako batzuen hitzak asteburuko egonaldiari eta proiektuari buruz:
Ineka Sarria, Baionako Etxepare lizeokoa: "Mendian ibiltzera goaz batetik, eta xerpen hizkuntza ere ezagutuko dugu. Biziki interesgarria izango da, berezia delako hizkuntza hori. Prestaketa moduan, hilabetero badugu ateraldi bat".
Unai Iturrieta, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolakoa: "Talde jatorra topatu dut. Lau animatu ginen, bik atzera egin dute, eta bi geratu gara. Esan zigutenean, izugarrizko ilusioa egin zigun. 15 urterekin, horrelako aukera izatea ez da ohikoa. Beste kulturak ezagutzea ederra izango da".
Jon Fombellida, Laudio ikastolakoa. "Balio izan digu asteburuak beste herrietako jendea ezagutzeko, eta bereziki proiektu honetan sinisten dugunok elkartzeko. Lehenengo minututik oso harreman ona izan dugu. Aizkorrirako txangoa ederra izan da, elurra oso ondo zegoen. Proiektua oso polita da, kultura aniztasuna, bi herriren arteko loturak estutzea, mendigoizaletasuna, eta dena euskararekin lotuta. Orain pentsatu behar dugu dirua nola lortu eta aurrera".
Malen Osa, Oñatiko Txantxiku ikastolakoa: "Izugarrizko esperientzia izango da, hango mendiak eta paisaiak ikusteko oso aukera ona, eta hango kultura ezagutzeko, jendearen ohitura... aukera polita da. Sorpresa atsegina izan zen gonbidapen hori jasotzea. Orain ezagutarazi behar dugu proiektua komunikabideetan, bere benetako asmoaren berri eman, eta gero dirua lortu, ze bidaia garestia da".