Sailkapen orokorrean bosgarren egin zuen Bikuñak, baina beteranoen mailan lehenengo emakumea izan zen. Antxintxika Debagoiena T.T.-koa da Bikuña.
Juan Martin Elexpuruk ere beteranoen mailako txapela jantzi zuen Sopelan. Bergararra ere Antxintxika Debagoiena T.T.-koa da.
Ainhize Barrainkua, aldiz, 23 urtez azpikoetan izan zen Euskadiko txapelduna. Barrainkua Aloña Mendi K.E.-ko kidea da.
Bizikletan ondo dabil
Bost kilometro korrika, 20 kilometro bizikletan eta beste 2'5 kilometro korrika egin zituzten Sopelan. 44 emakumek parte hartu zuten proban: "Neska asko geunden, eta maila onekoak", azaldu du Bikuñak. Hori horrela, eta gainera denboraldiko lehenengo lasterketa zela kontuan hartuta, bere burua probatzera irten zen Bikuña: "Lehenengo lasterketa ezberdina izaten da. Ez dakizu zela zauden, eta ez dakizu besteak zela dauden".
Gaineratu du bizikletan oso ondo ikusten duela bere burua: "Lan on bat egiteko esperantza baneukan, asko entrenatu dut-eta". Denboraldiko lehenengo lasterketa horrela hasteak izugarrizko poztasuna eman dio oñatiarrari.
Hurrengoa Mungian
Hurrengo astean Mungian izango du lasterketa; eta, arantzatxoa ere badu: aurten Oñatin, etxean, ez dela duatloia egingo.