Ander Fernandez, futbolari aramaioarra: "Beasainen, helburua da 'play off'-ean sartzea"

Julen Iriondo 2018ko ots. 17a, 13:32

Aretxabaletak utzita, Goierriko taldean jokatuko du aramaioarrak denboraldia bukatu bitartean; goiko borrokan dabilen taldea dela-eta pozik dago sortu zaion aukerarekin.

Urtarril amaieran: egun batean deia jaso, hurrengoan osasun azterketa egin eta biharamunean entrenatzen zebilen –lehenago ere saiatu ziren fitxatzen–. Hamar gol zeramatzan Aretxabaletan, eta berdin jarraitu nahi du Beasainen, golak sartzen edo sartzen laguntzen.

Zer moduz Beasainen? Egokitu zara dagoeneko?

Bai, bai, gustura. Gainera, Arrasateko lagun bat ere bertan ari da, eta hori ere oso kontuan hartu dut hara joateko, erraztu egiten ditu gauzak. Mondran jokatzen zuen Mikel Aizpurua da hura, eta denboraldi hasiera ezkero dago han; harekin ikasitakoa naiz, gainera, laguna dut. Gainerakoan, oso ondo portatu dira, entrenatzailea eta gainerako teknikariak jatorrak eta gertukoak dira.

Eta talde modura, ez dakit erreferentziarik ba ote zenuen; nolako taldea topatu duzu?

Ez nuen ideiarik ere. Beteranoak dira, oro har, urte asko daramatzatenak Hirugarren Mailan jokatzen, eta maila ona dute. Erritmo handiagoa igartzen zaie, espero nuen moduan. Gustura nago, taldean jende beteranoa izatea ere ondo datorkit niri ere ikasteko.

Bi partidu izan dira iritsi zinenetik, eta parte hartzeko aukera izan duzu bietan; zer moduz?

Bai Durangoren kontrako debutekoan eta bai bigarrenean hogei minutu izan nituen jokatzeko; aulkitik irten naiz bietan, baina aulkitxoan ere gozatu egin dut. Lehenengo partiduan 1-0 irabazten ari ginen irten nintzenerako [horrela bukatu zen], eta hain gustukoa izaten ez den lana egitea tokatu zitzaidan, defendatzea, korrika batetik bestera; Somorrostroren kontrakoan 1-0 galtzen ari ginela irten nintzen, eta gustura ibili nintzen, goleko jokaldian ere parte hartzeko aukera izan nueneta [bana bukatu zen].

Zein nahi zenuke izatea zure ekarpena taldean?

Aretxabaletan aurrealdean hegaletik jokatzen nuen, eta hemen aurrelari jokatu ditut bi partiduak, eta ondo. Aukerak sortzen eta golak sartzen saiatuko naiz, eta taldeari laguntzen.

Gasteizen ari zara ikasten; ikasketak eta futbola uztartzeko lehen baino zailagoa izango da orain?

Ba, begira, aurreko urtean ere, Aretxabaletarekin Hirugarren Mailatik jaitsi ginenean, deitu zidaten Beasaindik, denboraldi hau eurekin hasteko. Baina Gasteizen unibertsitatean ikasten hastekoa nintzenez, zalantza hori izan nuen, nola eramango ote nuen, denbora izango ote nuen; azkenean, Aretxabaletan geratu nintzen. Arantza hori geratu zitzaidan, berriz ere kategoria hartan jokatzeko aukera ez aprobetxatzearena, baina zortea izan dut, berriz deitu didate, eta orain, ikusita unibertsitateko kontuak nola diren, joatea erabaki dut; biak uztartu ditzaket. Entrenamenduak 19:30ean izaten dira eta arratsaldean ere badut denbora lanak-eta egiteko.

Eta etorkizunari begira, zer?

Oraingoz, gozatu egin nahi dut; zaila da futbolean aurrera egitea, baina 22 urte ditut, eta, oraingoz, ondo pasa nahi dut, eta gauzak ahal den ondoen egin. Denboraldi amaieran Beasainek aukera ematen badit jarraitzeko, hartuko dut erabakia, Aretxabaletan esan didate nire erabakia izango dela; eta, bestela, Aretxabaletako ateak zabalik ditudala.

Bigarren zoazte; espero bezala doaz gauzak Beasainentzat?

Iaz ere goian bukatu zuten, play off-a jokatu zuten. Helburua abenduan ikusten da, eta otsail erdian hor gaude. Helburua da play off-ean sartzea; hortik aurrera zaila da, ze lehenak kanporaketa bakarra du, baina gainerakoek hiru. Baina iristen bada, saiatuko gara, hori ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak