"Zazpi mila hizkuntza daude munduan eta euskarak milioi bat hiztun inguru ditu. Hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10 artean gaude. Garrantzitsua da non gauden jakitea. Ez gara erraldoiak, baina ez gara hain txikiak", adierazi zuen Amonarrizek.
Euskaraldian parte hartzera animatu zituen eskoriatzarrak, eta oso gustura azaldu zen aurkezpen ekitaldirako bete egin zelako Zaldibar aretoa. "Euskara guregana iritsi da gutxiengo batek eutsi diolako hizkuntzaren suari. Kontrako diskurtsoak egon dira eta badaude, baina ez gara hain txikiak. Gertatzen dena da hizkuntza erraldoiez inguratuta gaudela eta badugu erantzukizun erantsi bat. Munduko hizkuntza gutxitu asko gure arrastoari begira daude. Ezin dugu hutsik egin", esan zuen.
Euskara bidegurutze batean
Erabaki estrategikoak hartzeko unea dela azaldu zien Amonarrizek eskoriatzarrei; izan ere, bidegurutze batean aurkitzen da une honetan euskara. "Euskara impasse egoera batean dago. Ezagutzan asko egin dugu aurrera eta datuek horrela erakusten dute. Ezagutzan goia jo dugula ematen du: adin batetik beherakoek eta hezkuntzan ezagutza datuak bikainak dira. Argi gorriak, ordea, erabileran piztu dira. Datuek erakusten dute ezagutza maila handienetan gaudenean erabilera jaisten ari dela. Aurrerapena egin behar badugu, erabileran egin behar dugu".
Erabilera aktibatzeko dator Euskaraldia. "Jausia kolektiboa izango da eta hortaz errazagoa". Herriz herri ari da Amonarriz hitzaldiak egiten eta erantzun oso ona jasotzen ari dela adierazi du. "Gazteengan pentsatu behar dugu. Haurrek sumatu egiten dituzte helduen jarrerak hizkuntzarekiko. Euskararen Eguna ospatu eta kitto egiten da askotan, eta ez ditugu engainatuko. Galdera orduan da: zer egin behar da haurrei eta gazteei eredu hobea emateko?".
Bi hitzordu lanean hasteko
Euskaraldiaren helburu nagusien artean daude inertziak apurtzea, eta hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea. Gero eta ezagunagoak diren bi figura sortuko dira: ahobiziak eta belarriprestak. Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da, baina aurretik ezinbestekoa izango da herritarrak prestatzea eta ekimenaren berri ematea.
Hala, Eskoriatzan ere Euskaraldia batzordeetan parte hartzeko dei egin dute. Topaguneko Mikel Ozaita Azpirotzek eta Euskara teknikari Mari Karmen Arrietak zentzu berean egin dute berba. Ekimena martxan jartzeko lehenengo bi batzordeak otsailaren 26an eta martxoaren 12an egingo dituzte Eskoriatzan, 18:00etan, kultura etxean. "Saio horietan Euskaraldia Eskoriatzan nola antolatu irudikatuko dute partaideek, eta herrian emango ditugun urratsak zeintzuk izango diren erabakiko dugu. Helburua da Udalarekin elkarlanean ekimena aurrera eraman nahi duen herritar taldea osatzea", adierazi dute.
Lasarte-Orian egindako esperientziak erakutsi du posible dela aktibazio ekimen baten bitartez inertziak apurtzea, eta hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretara animatu zuen atzo Kike Amonarrizek eskoriatzarrak.