'Il Trovatore', operazale bihurtzeko aproposa

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 16a, 13:31

'Il Trovatore' operaren une bat. Argazkia: Opera 2011

Astelehenean, hilak 19, Verdiren 'Il Trovatore' opera ezaguna ekarriko dute Arrasatera –Amaia Udal Antzokia, 20:00–: "Opera ezagutzen ez duenarendako oso ikuskizun aproposa da, osagai guztiak batzen dituelako", dio Manu Gallardok.

Erromantizismoaren garaiko Giuseppe Verdi musikariaren lan ezagunenetako bat taularatuko dute astelehenean Opera 2001 taldeko lagunek, Il Trovatore: "Operan antzeztu den lan famatuenetakoa da hau, obra ikonikoa kantuaren eta operaren maitaleendako. Baina, horrekin batera, opera ezagutzen ez dutenendako oso lan aproposa da lehen pausoa emateko, operak dituen osagai guztiak batzen dituelako. Egia da obraren sinopsia nahiko zalapartatsua dela, baina denetik du: oso melodia ezagunak, maitasuna, gorrotoa, mendekua, erromantizismoa...", dio Gallardok: "Operazaleen lan gogokoena da".

XV. mendeko istorioa

Operaren trama XV. mendeko Espainian girotuta dago. Eta Leonorren eta haren trobalari Manricoren arteko maitasun istorioa kontatzen du. Bada, lanak bi ordu eta erdi irauten du, eta emanaldia 20:00etan hasiko dute, puntuan.

110 lagun taula gainean

Il Trovatore operan 110 lagun inguruk hartuko dute esku: "Solisten, koruen eta orkestraren artean kopuru horretara iritsiko gara". Eta puntako jendea etorriko da: "Antzezlarizerrenda oso ona izango da, Estatuan eta nazioartean arrakasta izaten dabilena. Giulio Boschetti –Le nozze di Figaro, Don Giovanni, Nabucco, La Traviata...– izango da Luna Kondea. Manrico tenorea, berriz, David Baños –Un Ballo in Maschera, Madama Butterfly, Duque de Mantua...– eta soprano lanetan Melanie Moussay-k jardungo du –Tosca, Un ballo in maschera, La cenerentola...–.

"Antzoki aproposa da Amaia"

Halako opera batekin gozatzeko, aretoak berak zeresan handia du, eta Amaia antzokiaren egokitasuna azpimarratu du Gallardok: "Hona abestera etorri diren artista askok azpimarratu dute Amaia antzokiaren sonoritatearen maila. Askotan, herrian daukagunari ez diogu garrantzirik ematen, baina Euskal Herriko antzoki onenetakoa dela azpimarratu digute askok; zentzu horretan bai, behintzat. Egia da beste hutsune batzuk badituela, kamerinoen egoera, esaterako, baina sonoritatea, publikoaren kokapena eta horiek duten ikuspena...". Bada, sarrerak martxa onean saltzen dabiltzala azpimarratu du Garridok, baina oraindik badago lekua opera horrekin gozatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak