Mozorrotuta zoriondu zuten pasa den domekan Aitor Arregi lagunek, Otamendi tabernan egin zuten ekitaldi xumean, Handia filmak eskuratu dituen hamar Goya sariak direla eta. Arrakasta handia izaten ari da oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendutako filma.
Hori dela eta, beste bost aldiz emango dute kultura etxeko zinema-aretoan asteburu honetan: gaur, egubakoitza, 22:30ean; bihar, zapatua, 19:30ean eta 22:30ean; eta etzi, domeka, 19:30ean eta 22:30ean. Beraz, filma ikusteko gogoz geratu denak edo berriz ikusi nahi duenak hor dauka aukera.
Estreinaldiarekin batera, hamar aldiz eman zen Handia zinema-aretoan, urriaren 20tik azaroaren 1era bitartean, eta 1.090 pertsonak ikusi zuten.
Tertulia astelehenean
Arregi ibilbide oparoa egiten ari da zinemagintzan, eta, aurrera begira ere, zenbait proiektu ditu esku artean. Hori guztia izango du hizpide oñatiarrak astelehenean Santa Ana antzokian, Miren Arregi kazetariak gidatutako solasaldian –19:00–.