Oihana Arana eta Garazi Navarro; Ane Beloki eta Iraitz Sarasola; eta Gartxot Ramirez eta Urko Arregi. Horiek izango dira lehian ariko diren hiru bikoteak.
Hainbat ariketa egin beharko dituzte finalean: lehenik, norbanako bakoitzak zortziko handian hiruna bertso; zortziko txikian hiruna bertso; hamarreko txikian hiruna bertso eta koplaka, launa kopla osatu arte. Ondoren, bikoteka banatuko dira ariketak. Hala, bikoteko batek bi punturi erantzun beharko die eta besteak bakarka bi bertso osatu beharko ditu, gura duen doinu eta neurrian.
Ariketa guztietako puntuak batuta, puntuazio altuena duen bikotea pasako da buruz burukora, eta elkarren aurka arituko dira, txapelaren lehian. Buruz burukoan, hiru ariketa egin beharko dituzte: puntuka sei bertso osatu arte, zortziko txikian hiruna bertso eta hitza emanda, finalista bakoitzak bi bertso osatu beharko ditu.
Txapelaren bila
Sei finalisten artean, Urko Arregi izango da oñatiar bakarra. Finalari begira lasai dagoela aitortu du. "Astea lasai pasatzen ari naiz. Baina finala iristen denean beste gauza bat izango da, seguru", adierazi du. Herriko ordezkari bakarra izate horrek motibatu egiten duela dio. "Motibazioa eta ilusio pizten dit oñatiar bakarra izateak. Ea txapela etxean geratzeko aukera dagoen", azpimarratu du.
Aurkariei dagokienez, ez du busti nahi izan. "Batzuk beste batzuk baino hobeto ikusten ditut, baina, orokorrean, oso orekatuta ikusten dut finala". Buruz burukora iritsiz gero, ordura arte bikotekide izandakoa aurkari izango luke Arregik. "Kasua emanez gero, arraroa izango da, saio osoan zehar bere alde egin ostean aurkari izango dudalako". Sariei dagokienez, irabazleak txapela eramango du etxera, eta, horrez gain, publikoaren saria ere egongo da. Beraz, ikus-entzuleek euren botoa ere eman ahal izango dute.