Gutunak bueltan doaz Madrilera

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 16a, 10:00

Astelehen eguerdian Arrasaten egin zuten elkarretaratzea. Ondoren, Correosera joan ziren, gutunak Madrilera bueltan bidaltzera. Xabier Urzelai.

Debagoieneko erretiratu eta pentsiodunak "oso haserre" daude Fatima Bañez ministroak bidali dien gutunarekin. %0,25eko igoera "burla egitea" dela argudiatuta, mobilizazioekin jarraituko dute: "Inoiz ez da gure kolektiboa horren batuta egon".

"Madrildik jasotako gutunekin erabat sututa". Halaxe daude Debagoieneko erretiratu eta pentsiodunak, Gipuzkoako erretiratuen presidente Jose Riviere arrasatearrak aitortu moduan. Izan ere, beste urte batzuetan moduan, Fatima Bañez ministroak gutun bidez azaldu die erretiratu eta pentsionistei %0,25eko igoera izango dutela: "Hilaren 22an jende asko joan behar dugu Donostiako manifestaziora.

Abaroan dagoeneko 50 lagunek eman dute izena eta Aretxabaletan ere beste horrenbeste daude. Orain momentuan autobusak antolatzen nabil". Abaroako presidentea ere bada Riviere, eta dio aspaldian ez duela jendea horren haserre ikusi: "Herrian egiten gabiltzan mobilizazioetan inoiz baino jende gehiago dabil esku hartzen, burla egin digute aurpegira, tontotzat hartzen gaituzte, eta nahikoa da. Fatima Bañez ministroa gezurra esaten dabil behin eta berriro, eta uste du askotan errepikatzearren gezur hori egia bilakatuko dela, eta hori ez da horrela. Ez da posible azaroan KPI %3tik gora ibiltzea, eta azken hilabetean halako jaitsiera egotea. Zenbaki horiek gura dituzten moduan erabiltzen dituzte, eta guri %0,25 igoko digutela esan digute. Lotsa gutxi izan behar da hori esateko. 2013tik dabiltza kopuru hori igotzen, eta urte hauetan bizitza izugarri garestitu da. Hori ez da igoera, hori adarra jotzea da", dio Rivierek.

Oñatin 540 gutun inguru bidali dituzte

Astelehenean, Arrasaten eta Oñatin mobilizazioak egin ostean gutunak entregatu zituzten Correosen: "Oñatin 560 inguru zenbatu genituen", dio Jose Antonio Amundarainek. Correosera joan ginen zalapartarik sortu barik, eta protesta moduan gutunak Madrilera bidali ditugu bueltan. Nahikoa da, %0,25eko igoera ez datorrelako bat bizitzaren garestitzearekin. PPk aspaldi hartu zuen pentsioen poltsatik dirua ateratzeko erabakia, eta ondoren, lan erreforma berriarekin kotizazioen kopurua jaitsi egin da. Garbi dago PP alderdiaren asmoa dela tresna publikoak indargabetzea, eta orain aurrezki pribatuen aldeko adierazpenak egiten dabiltza. Lotsagarria da; izan ere, aurrezki pribatuak egiteko ere dirua behar da!".

Bergaran, Itziar Usandizaga ere bat dator, eta herrian inoiz baino mobilizatuago ikusten du jendea: "Astelehenero egiten ditugu herri batzarrak, eta jendea parte hartzeko gogotsu ikusten dut. Agintariei erakutsi behar diegu hemen gaudela, zutik, gure eskubideen alde borrokatzeko gertu".

Usandizagak azpimarratu du hiru puntu dabiltzala nabarmentzen. "Alde batetik, %0,25eko igoera beharrean, igoerak KPIrekin berdindu behar direla. Bestetik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen du duintasunez bizitzeko gutxieneko pentsioek 1.080 eurokoak izan behar dutela. Eta, azkenik, Gizarte Segurantzaren sistema propioa gura dugu, erabakiak hemendik hartzeko".

Astelehenean, kalera berriro

Aste barruan hainbat mobilizazio egin dituzte Debagoienean –astelehen eguerdian Arrasaten eta Oñatin erretiratuek Correosen entregatu zituzten Fatima Bañez ministroak bidalitako gutunak– eta datorren astelehenean, hilak 19, mobilizazioekin jarraituko dute. Bergaran astelehenean bertan entregatuko dituzte gutunak Correosen: "Jendeari eskatzen diogu gutunekin etor daitezela, ekimen honetan parte har dezatela, nahikoa dela esateko ordua da-eta", dio Itziar Usandizagak. 12:00etarako egin dute hitzordua. Hilaren 22an, berriz, Donostiako manifestazioan parte hartzeko dei egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak