Indartuta datoz 8 Miliak, nahiz eta lokatzetan izan

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 15a, 20:21

Desagertzear egon bazen ere, domekan egingo dute Antzuolako lasterketaren seigarren edizioa, eta indarberrituta dator: "Domekan eguraldia ez dugu lagun izango, baina Antzuolako herriak erantzun egingo du", dio Gurutz Larreak.

"Egia esateko, eguraldi honekin apur bat beldurtuta ere bagaude, Irimon oraindik elur asko dagoelako", adierazi du, umorez, lasterketa antolatzeko ardura duen lagunetako batek, Gurutz Larreak, aste barruan. "Imajina dezakezue bota duen guztiarekin ibilbidea zelan dagoen. Nik uste dut horrenbeste euri egin eta gero lokatzarik ere ez dagoela, dena dela ura [Barre]", gaineratu du. Jakinda, baina, domekan ibilbidearen egoerak inor ez duela ezustean harrapatuko. Irteera puntuan batuko diren 260 lasterkariek ondo dakite zer izango duten aurrean.

Boluntario gehiago.

"Dena dela, gure partetik, behintzat, ez dadila izan: baliabide gehiago jarriko ditugu, inork arazorik izan ez dezan". Hala, mendian egongo den boluntario kopurua handitu egin dute: "Batez ere, Irimon, haitzak dauden tokian... Hor jendea izango da manta termikoekin, walkiekin eta bestelakoekin; izan ere, korrikalariren bat, motiboa edozein dela ere, geratu egiten bada, hoztu egin daiteke, eta hori saihestu gura dugu".

Esker oneko lana

Aurreko bost edizioen ostean, eta iazkoa azkena izango zela aurreratu eta gero, aurten egin beharreko lanak ez du inor ezustean harrapatu, antolaketa taldean daudenak lehen ere saltsan zebiltzan eta: "Lau lagun berri etorri dira eta horrek asko erraztu ditu lanak, hobeto banatu ditugulako. Guztira, zortzi lagun inguru ibili gara lasterketa antolatzen, eta domekan, lasterketa egunean, herri erdia baino gehiago mobilizatuko da lasterketarako [Barre]. Alde horretatik, lasai gaude, badakigulako antzuolarrek ondo erantzungo dutela. Izan ere, pena ematen zigun herri mailan lagun gehien batzen dituen ekimena galtzeak. Halako bat antolatzea lana da, baina esker oneko lana, jendea ondoren gustura geratzen delako. Gainera, izen-ematea bi egunetan agortu zen, horrek ere lagundu egiten du".

"Errekorra ez dago arriskuan"

Domekako lasterketari begira, iazko irabazle Juanjo Igartzabalek eta Maider Gaztañagak baieztatu dute irteera puntuan izango direla. "Hasiera batean, eurak dira faboritoak. Kontuan izanda iaz Igartzabalek lasterketaren errekorra ezarri zuela (1.04) eta emakumezkoetan Gaztañagak hiru segundogatik ez zuela errekorra ondu (1.18). Ikusita domekan mendia zelan egongo den, marka horiek, oraingoan, ez daude arriskuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak