Urtero moduan, herri kirolen puntako ikuskizuna eroan gura izan du herrira Oñatiko Herri Kirol Taldeak. Eta Urrezko Aizkora aitzakia ezin hobea da horretarako, modalitate horretan onenak daude-eta bertan. Bada, aurten, lehen aldiz, emakumezkoek ere txapelketan parte hartuko dute: "Beste kirol jardueretan gertatzen den moduan, hemen ere emakumezkoak euren lekua egiten dabiltza", dio Angel Villarrek. Hala, emakumezkoen artean, Villarrek Maika Ariztegi jotzen du faboritotzat: "Eta hori aurreko txapelketan Nerea Sorondok irabazi zuela, baina, domekara begira norbaiten alde apustu egin beharko banu, Ariztegiren alde egingo nuke", dio.
Gizonezkoetan, oso parekatuta
Gizonezkoen kategorian, berriz, Mugertza II.a eta Otaegi eta Atutxa eta Txikia dagoeneko finalean daude. Oñatin hirugarren finalista erabakiko da: "Kanporaketa hori oso parekatuta dago". Azurmendik eta Rekondok Vicente eta Saralegi izango dituzte aurrean, eguerdiko hamabietan, plazan.