Lehia oso inportantea zen bi taldeendako, eta horren jakitun ziren zaleak ere. Eskoriatzako kiroldegiko kantxa lepo bete da Euskal Ligako partidua ikusteko.
Jokalari garrantzitsu askoren bajak eduki arren, Mondratek hobeto hartu dio neurria partiduari, eta lehen zati borobila jokatu ostean, 0-3 aurreratu da markagailuan. Lehen bi golak zortzigarren eta hamabigarren minutuetan, eta hirugarrena atsedenera heldu aurreko minutuan.
Bada, lehia mahiko bideratuta zegoela zirudien arren, bigarrenak beste kolore bat izan du. Lehenengoan morea izan da nagusi, eta bigarrenean, Eskoriatzaren berdea. Arrasatearrak erdi lokartuta irten dira kantxara, eta dida batean 2-3 ipini da Eskoriatza, hiru minututan sartutako golei esker.
Orduan hasi dira urduri ipintzen Arrasateko jokalariak. Eskoriatzaren erauntsia itzela izan da eta baloiaren jabe izanik, etengabe jokatu dute erasoan berdinketa lortu arte. Hiruko berdinketarekin, txuri edo beltz zen kontua. Mondrate edo Eskoriatza.
Eta orduan heldu da epailearen erabakia. Falta bat adierazi du eta Mondrateko jokalari batek biziki protestatu du erabakia. Txartel horia atera dio eta irabioka jarraitu duenez, penalti bikoitza adierazi du Mondrateren kontra. Une horretan berotu dira Arrasateko jokalariak eta tentsioa areagotu da kiroldegian. Eskoriatzak laugarren gola sartu du, markagailuari buelta emanez.
Mondrate erasoan
Minutu gutxi geratzen zirenez, aurrera egin du Mondratek, eta hainbat alditan estutu du Eskoriatzako atezaina, baina ezin izan du beste golik sartu.
Epaileak bukaera adierazi ostean ere, eztabaida sutsuarekin jarraitu dute jokalariek eta arduradunek.
Golegileak
Xabier Gorroñogoitia, Igor Oianguren eta Joseba Palacios izan dira Mondrateren golegileak; eta, Unai Garitaoinaindia, Aratz Kortazar, Julen Ibabe eta Jon Ugarte, Eskoriatzakoak.