Aratusteak hobeto ospatzen dira zorroan hiru puntuak batuta, eta horretan ahaleginduko dira Ibarreko hiru ordezkariak bihar –UDAk partidua zapatura aurreratu du–. Gainera, aurrealdekoen borrokan jarraitzeko hirurek ere nahiko pattal hasi dute 2018a. Zuri-moreak (35) dira emaitza txukunenak batu dituztenak –hamabost puntutatik zortzi– eta Bergara (38) eta Aretxabaleta (27) makalago ibili dira, nahiz eta sailkapenean mahoneroek hiru puntuko errenta duten.
Aurrealdekoen borroka
Bihar, partidu erakargarria da sailkapenean hirugarren eta laugarren postuetan dauden Bergarak eta Pasaiak elkarren kontra jokatuko dutena (16:00, Agorrosin). Aretxabaletak, berriz, jaitsiera postuetatik aldentzeko lehian dabilen Urolaren bisita izango du (16:30), eta Mojategin Mondra eta Zarautz izango dira zein baino zein gehiago (16:30). Zarauztarrak sailkapenaren erdian daude, arrasatearrek baino bost puntu gutxiagorekin.
Leintz Arizmendk atsedena, indarra hartzeko
Leintz Arizmendik atsedena izango du oraingo asteburuan; joan den astean, Mariñoren kontra 1-1 egin zuten. Euskal Ligan diharduen taldeari bederatzi partidu geratzen zaizkio liga amaitzeko, eta helburu garbia dute: mailari eustea. Hala, datorren asteburuan kontrario zuzena den Hernaniren bisita izango dute Mojategin.