Olatz Agirre irudi aholkulari oñatiarrak argitu du protokoloak dioena: "Sari banaketara esmokinez joateko eskaera zegoen: traje ilunarekin eta botoi beltzak daramatzan alkandora zuriarekin. Protokoloak dio, gainera, begizta (pajarita) edo gorbata eraman behar zela". Eta Charm-eko irudi aholkulariak azaldu du gehienek protokoloa jarraitu dutela: "Estilo bera mantendu dute, talde-batasuna islatuz. Branding-a edo marka indartzeko helburuarekin, denek traje iluna eraman dute. Gero, nork bere pertsonalitatea erakutsiz, aukeraketa ezberdina egin du. Aitor Arregik eta Jon Garañok tantotxo zuri-beltzak zeramatzaten begiztak jantzi dituzte; baita txalekoa ere. Aitorrek gris antrazita koloreko trajea aukeratu du, gainera".
Julen Imaz @NeuDonostia jostunaren laguntza izan dute: "Zinemaldian jaio zen harremana. Izan ere, azken orduan, Aitorrek arazo bat izan zuen jantzi behar zuen etxearekin. Nigana jo zuen, eta Julen gomendatu nion. Denboraz oso larri genbiltzan, baina lortu genuen eta oso gustura geratu zela esan zidan Aitorrek. Hala, Feroz eta Goya sarietarako ere konfiantza izan du". Goya sarietarako, Imazek zazpi taldekide ere jantzi ditu. "Baten bati gorbata edo begizta eramatea ahaztu zaio, baina oso ondo ikusi ditut. Bestalde, esmokina eramaten bada, oinetakoek lokarriak izan behar dituzte, eta bateren bat ikusi dut sport oinetakoekin".
Sorpresa bat ezkutuan
Traje azpian sorpresa bat zuten: "Handia jartzen zuen tiranteak zeramatzaten denek". Sorpresa hori, agian, hamahiru Goyak jasoz gero erakutsiko omen zuten, baina, hala ere, handiak zarete!
Begiztarekin, lehenengoz
Protokoloak dioenari kasu eginez ikusi dugu Aitor Arregi jantzita Feroz sarietan: esmokin beltzarekin eta begizta (pajarita) grisarekin. Barruan daraman txalekoa ere, begiztarekin konbinatuta, grisa da. Botoi beltza daraman alkandora zuria ere protokoloak markatutakoa da. Taldekide askok alkandora hutsa zeramaten, kutsu informala emanez. Beste batzuek, aldiz, gorbataren alde egin zuten, ukitu serioagoa emanaz janzkerari.