Ibai Fernandez, 60 metrotan azkarrena

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 6a, 09:56

Asteburuan egin dituzte Euskadiko atletismo txapelketak, eta atleta arrasatearrek lan nabarmena egin dute, urrezko hiru domina eta zilarrezko bat eskuratuta. Azpimarratzekoa da Ibai Fernandezek egindako marka, Arrasate Atletikoko gazteak 60 metrotako lasterketan urrea irabazi zuen eta (6.92). Munduko Txapelketarako aurre zerrendan dago.

Arrasateko atleten markak ondo baino hobeto gordetzen ditu Fernando Zufiriak. Eta hark esanda, Ibai Fernandez da Arrasateko atletarik azkarrena: "6.94 marka zeukan lehen, eta bi ehunen jaitsi ditu, txapelketan 6.92 egin du". Marka horrekin Gipuzkoako junior mailako errekorra berdindu du.

"Noraino iritsiko da?"

Horixe Zufiriak berak egiten duen galdera, Fernandez oraindik atleta gaztea delako. "Bada, ikusteko dago hori. Oraingoz, otsailaren 17an Valentzian izango da, Espainiako txapelketa absolutuan eta hor atletak 6.80 segundoren bueltan ibiltzen dira. Hori bai, nagusiagoak dira, eta bekak dituzte, horretan dihardute buru-belarri".

Ibai Fernandez, erdian, Euskadiko Txapelketako podiumean.

Finlandira joateko aurrez aukeratutakoen zerrendan dago

Aurtengo 20 urtez azpiko Munduko Atletismo Txapelketak Tamperen egingo dituzte, Finlandian, eta Arrasatekoa aurrez aukeratutakoen zerrendan dago: "Uztailaren 20tik 25era bitartean egingo dute txapelketa hori, eta 4x100eko errelebo lasterketan izango direnen aurre-zerrendan dago. Gabonetan Madrilen egon da selekziokoekin entrenatzen".

Ruiz de Azuak urrezko bi domina

Ibai Fernandezen urrezko dominarekin batera, Malen Ruiz de Azuak urrezko beste bi domina eskuratu zituen. Lehenengoa bere espezialitatean, pertika saltoan (4,05 metro) eta bestea salto hirukoitzean (11,86 metro) Istar Dapenak, azkenik, zilarra jantzi zuen pertika saltoan (5,10 metro)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak