"Bertsoren bat ageri den bideo bat, gutxienez 7 segundokoa, grabatu, Internetera igo, eta guri horren berri ematean datza lehiaketa" diote antolatzaileek. Youtube, Vimeo, Euskaltube... dira bideoak igotzeko plataformak. Parte hartzaileek, bideo igo ostean, www.bertsomovieda.com webgunean bete beharko dituzte datuak Parte hartu atalean.
Bideoak www.bertsomovieda.com webgunean ikusgai egongo dira epea ixten denetik, eta gogokoena bozkatzeko aukera ere izango da. Apirilaren 9tik 20ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea, eta apirilaren 23tik apirilaren 27ko eguerdiko 12:00ak arte egongo da bozka emateko aukera zabalik.
2.500 euro saritan
2.500 euro banatuko dituzte saritan. Bi kategoria nagusi bereizi dituzte, gazteena -DBH 4ra artekoak, hauek barne- eta helduena. Gazteenetan, 300 euro jasoko ditu bertsomovie onenak; helduen artean, 1.000 eurokoa izango da saria. Horretaz gain, 500 euroko saria jasoko du botorik gehien biltzen dituen bertsomovieak; beste 300 euroko bina sari emango dira epaimahaiak erabakitzen dituen bi aipamenen artean, eta bertsorik onenak dituen bertsomovieak beste 250 euro jasoko ditu.
Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 4an izango da Beasainen, eta sarituen izenak aldez aurretik emango dira jakitera hedabideetan.