Euskadiko Txapelketara, askotariko helburuekin

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 2a, 11:22
Istar Dapena eta Malen Ruiz de Azua pertika-jauzilariak Anoetan.

Pista estaliko Euskadiko Txapelketa absolutua jokatuko da asteburu honetan Anoetan; Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena ariko dira pertika-jauzian, Mikel Agirre luzera-jauzian eta Ibai Fernandez 60 metroko proban.

Lau arrasatear ariko dira asteburu honetan pista estaliko Euskadiko Txapelketa absolutuan parte hartzen, hiru kirol ezberdinetan.

Batetik, pertika-jauzian, Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena arituko dira. Ruiz de Azuak pasa den asteburuan Anoetan bertan jokatutako partaidetza libreko proban 4,20 metroko marka egin zuen, denboraldiko markarik onena ezarriz –Espainia mailan–. "Ez nuen espero marka horretara heltzerik. Sorpresa hartu nuen. Izan ere, ez nago nire momenturik onenean. Hala ere, egia da konfiantza eman zidala horrek, eta marka hobetzen saiatuko gara asteburu honetan. Zergatik ez?", adierazi du. Pista estalian 4,21 metroko marka pertsonala du Ruiz de Azuak.

Istar Dapenak 5,20 metroko marka du aurten, denboraldiko hirugarren onena –Espainia mailan–. Pasa den astean, baina, 5 metrotik ez zen pasa Valentzian, partaidetza libreko proban. "Hankan bihurritu bat neukan eta ez nuen nire onena ematerik izan. Baina dagoeneko sendatuta nago, eta 5,20 metroko marka hobetzeko esperantza dut asteburu honetan".

Agirre, luzera-jauzian

Mikel Agirrek luzera-jauzian hartuko du parte, gazte mailan. 6,38 metroko marka du, eta Espainiako Txapelketetara joateko marka minimoa lortzea izango da haren helburua –6,40 metro da marka minimo hori–. "Marka ona egitea gustatuko litzaidake. Fisikoki ondo nago, gorputza arin sentitzen dut. Beraz, ea lortzen dudan marka hori gainditzea", azaldu du jauzilariak. Fernando Zufiria Arrasate atletismo taldeko kideak ere uste du momentu onean dagoela, eta lortuko duela marka hori gainditzea.

Fernandez, 60 metroko proban

Ibai Fernandez junior mailako 60 metroko proban ariko da. 6.94 segundoko marka du aurten, denboraldiko bigarren markarik onena –Espainia mailan–. "Momentu onean nago, eta esperantza daukat marka hori hobetuko dudala asteburuan", aitortu du korrikalariak.

Axpe, Zaragozan

Maialen Axperi dagokionez, Zaragozako trofeoan hartuko du parte asteburu honetan, pertika-jauzian. "Pista ona da Zaragozakoa, eta Euskadiko Txapelketarekin batera den arren, erabaki dut han parte hartzea", azaldu du. Urteko markarik onena 4 metrotan dauka Axpek, nahiz eta bere markarik onena 4,15 metro izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak