Debagoieneko herri eta ikastetxe ezberdinetako 1.000 gaztetxo ari dira parte hartzen Goienak Debagoieneko ikastetxeen eta Udalen laguntzarekin antolatzen duen seigarren Kantari saioan.
Lehenengo grabaketak Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan egin zituzten urtarrilaren 20an eta 21ean; eta bihar, zapatua, eskainiko dituzte Goiena Telebistan Aretxabaletan grabatutako lehenengo bi saioak.
Oñatin, hamar saio
Grabazio egunetarako dena prest izateko, aurreko asteburuan entsegu orokorrak egin zituzten Eltzian, Aitor Agirianok eta Miren Ibabek gidatuta. "Kantariren denboraldi berriko bigarren geltokian 248 neska-mutiko oñatiar izango dira oholtzaren gainean, 57 taldetan banatuta. Grabazio eguneko urduritasunak eragingo die, akaso, baina entseguetan ikusi genuenaren arabera esan dezakegu, etxeko lanak ondo eginda eramango dituztela. Ilusio handiarekin eta onena emateko gogoarekin sumatu genituen", dio Agirianok.
Bi egunean hamar telebista saio grabatuko dituzte; eta orain arte moduan, bost edo sei taldek hartuko dute parte saio bakoitzean. "Bihar, arratsaldeko lau eta erdietan hasiko gara ordu erdiko iraupena duen lehenengo saioa grabatzen, eta, hogei minututako atsedena hartuta, 17.20rako dena prest izango dugu bigarrena grabatzeko; modu horretan, eguneko bost saio grabatuko ditugu. Gaztelekuan ez dago mugarik edukiera aldetik; beraz, artisten senide eta gertukoez gainera, telebista saio bat nola grabatzen den ikusi gura duten guztiak gonbidatu gura ditugu. Gonbidatu bereziak ere izango ditugu: Potx eta Lotx pailazoak".
Zapatu oro bi saio berri
Bihar hasita, zapatu oro bi saio berri estreinatuko dituzte Goiena Telebistan, grabatutako ordenaren arabera; hortaz, Aretxabaletako eta Eskoriatzako artisten ikuskizunen ondoren eskainiko dituzte, martxoaren 3an hasita, Oñatikoenak. "Hala ere, parte hartzaileen gurasoek Whatsapp bidez jasoko dituzte argazki galeriak grabazioen hurrengo egunetan, eta saioa telebistan eskaini ondoren, modu berean jasoko dute dagokien taldearen grabazioa".