Nola suertatu zitzaizun Alex Txikonen espedizioarekin bidaiatzeko aukera?
Bakarrik bidaiatzeko asmoa nuen. Himalaiara nindoan, Everesteko trekking klasikoa egitea zen nire asmoa, Jiritik hasi eta Namche Bazaarrera. Baina Loiuko aireportuan Alex Txikonekin eta bere taldearekin elkartu nintzen, eta, bakarrik ikusi ninduenean, Txikonek berak egin zidan eurekin joateko gonbita.
Plan aldaketa, beraz.
Hala da, Loiun bertan aldatu nituen planak. Ez nuen inongo konpromisorik inorekin, eta eurekin joatea erabaki nuen. Hamabost egunez egon naiz espedizioarekin trekkingak egiten, eta esker ona adierazi nahi diet guztiei, hasiera-hasieratik taldeko bat gehiago bezala sentiarazteagatik eta hain ondo tratatzeagatik. Izan ere, aurrez ez ginen ezagutzen, eta oso gertuko harremana eduki dugu.
Aurrez pentsatuta zeneukan ibilbidea baino gogorragoa izango zen, ezta?
Gogorragoa ez dakit, baina altuago ibili gara. Luklatik hasi eta Everesteko kanpamendu nagusiraino 5.400 metrora igo gara, eta nik ez nuen hain altu igotzeko asmorik. Kala Patthar mendia ere igo dugu, 5.600 metrora dagoena, aklimatazio modura. Azken finean, euren talde dinamikaren barruan ibili naiz, guztia eurekin egin dut.
Prestatuta zeunden halako altueran ibiltzeko?
Nik ez dut zamaketaririk eta halakorik eraman. Eurak zamaketariekin ibili dira, hilabeteetarako lana dutelako, baina ni nire arropekin ibili naiz, neuk eraman dut nire pisu guztia, motxila arin batean, eta oso gustura, egia esan. Kanpamendu nagusian, adibidez, gauak gogorragoak izan dira. 26 gradu azpira ere heldu gara, eta hori izan da, agian, gogorrena.
Elortza Himalaian xerpa batekin.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Primerakoa. Espedizio baten barruan ibili naiz, ahal izan dudan heinean eurei laguntzen, eta talde guztia oso ondo portatu da nirekin lehenengo momentutik, betiko lagunak izango bagina bezala.
Penaz bueltatu zara, beraz.
Neure opor egunak nituen, eta lanera bueltatu behar izan dut. Baina egunero nabil haiekin txatean, ea zer moduz dauden.
Eta zer moduz dabiltza han?
Oraingoz, oso ondo. Otsailaren hasieran daukate gailurra egiteko asmoa, baina eguraldiaren araberakoa izango da hori. Uste dut lortuko dutela. Oso talde indartsua da, eta hango xerpena ikaragarria da. Elkarrizketa labur bana egin diot bakoitzari, eta gutxien igo duenak lau aldiz igo du Everest. Oso gazteak dira, gainera. Jende gogorra da.
Zenbat pertsonak osatzen dute espedizioa?
Hamasei bat izango ginen –hamar xerpa–. Helburua kontuan hartuta, espedizioa arina dela esan genezake. Bi kanpin-denda handi eta hamar txiki genituen kanpamendu nagusian.
Turismorik egin duzu?
Bai, horretarako ere aprobetxatu dut. Eurekin hamasei egun egin ditut mendian, eta ondoren Katmandu (Nepal) hiria bera eta inguruak ezagutu ditut, lau egunez.
Hasiera batean, bakarrik zindoazen. Halako bidaiak egin zalea zara?
Bai. Mendiko bidaiak bakarrik egin izan ditut eta gustatzen zait. Bestelako bidaiak bikotekidearekin ere egiten ditut.
Esperientzia hori bizi ostean, talde horrekin beste bidaia bat egiteko aukerarik ikusten duzu?
Espero dut baietz. Oraingoz, dakidana da bueltatzen direnean bazkari bat egin behar dugula. Gailurra eginda, edo egin gabe, bazkari bat egitekotan geratu gara. Azken finean, helburua da guztiok osasuntsu itzultzea, lagunarteko giroan itzultzea, eta, ahal bada, gailurra eginda. Baina, betiere, ordena horretan.