Parean dauden Leintz Arizmendi eta Oiartzun, aurrez aurre domekan

Xabier Urtzelai 2018ko urt. 26a, 06:00

Etxeandia Derioko kontrarioen aurrean baloia gidatzen.

Titu-ren eta Ezkurraren neskek sailkapenean hiru puntu gehiago dituen Oiartzun hartuko dute etzi Mojategin. Ohorezko erregionalean, Mondrak, Aretxabaletak eta Bergarak ere etxean jokatuko dute; azken partidu horretan Iker Ugarte ziklistak ohorezko sakea egingo du. Erregional preferentea Antzuolaren eta Bergararen arteko derbia izango da. 

Leintz Arizmendik txukun ekin dio Euskal Ligako bigarren itzuliari, 12 puntutatik 7 eskuratuta: "Ligako lehen jardunaldietan baino hobeto gaude orain, eta baikorrak gara aurrera begira", adierazi du Andoni Ezkurrak. Bada, domekan sailkapenean ondoan duen Oiartzunen bisita izango dute: "Lehenengo itzulian 6-1 galdu genuen euren zelaian, baina markagailuak ez du erakusten berdegunean gertatu zena. 83. minutura arte 2-1 gindoazen galtzen baina orduan hirugarrena egin ziguten, eta hor behera etorri ginen erabat. Gainera, Maritxu Kajoi osteko zapatua zen, eta biharamuna ere bagenuen", aitortu du Ezkurrak.

Bada, joaneko partiduan baino parekotasun handiagoa aurreikusten du domekara begira:  "Kategoriako oilarrak alde batera utzita –Arratia, Bizkerre, Tolosa– gainontzekoekin jokatzerakoan edozer gerta daiteke, aurreko hirurak koska bat gorago daudelako. Hori bai, liga hasi dugunetik arrazoi askorengandik ezin izan dugu hamaikako bera errepikatu, eta halakoek ere eragina izaten dute jokoan, are gehiago kategoria honetan jokatzen dugun lehenengo urtea izanda, eta taldea bera ere berria denean. Baina, partidu guztietan lehiakorrak izatea lortu dugu, eta hori da bidea".

UDA, Bergara, Mondra... etxean 

Ohorezko erregional mailako hiru ordezkariek berriz, etxean jokatuko dute 19. jardunaldia. Mondrak (31 puntu) iaz kategoriara igo zen Urolaren bisita izango du Mojategin (zapatua, 16:30). Zumarragan, joaneko partiduan, Davilaren mutilek 0-3 irabazi zuten.

Aretxabaletak (24 puntu) ere atzealdeko postuetan dagoen Vasconiaren (domeka, 16:30) bisita izango du Ibarran; joanekoan 0-2 irabazi zuten Velez de Mendizabalen mutilek. Bergarak (35 puntu) ere ez du izango, aurrez, gauzak bikain egiten dabilen talde bat aurrean, Beti Gazte 13. postuan dagoelako. Jakinekoa da, baina, kategoria honetan edonork eman dezakeela ezustekoa. Bada, partidu berezia izango da, lehia hasi aurretik joan den astean Legazpin jokatutako Espainiako Ziklo-kros txapelketan bigarren sailkatu zen Iker Ugarte bergararrak (Lokatza-Bolintxo) egingo duelako ohorezko sakea.  

Antzuolaren eta Bergararen arteko derbia

Erregional preferentean, berriz, bigarren astez jarraian Debagoieneko taldeen arteko derbia izango da (zapatua, 16:00, Estala), eta oraingoan ere antzuolarrak protagonista izango dira. Izan ere, joan den astean batu ez zituzten puntuen bila zelairatuko dira Igor Larrearen mutilak bihar. Antzuolak hiru garaipen eskuratu ditu aurten (12 puntu) eta Bergarak sei (20 puntu). 

Kategoria horretako gainontzekoek kanpoan jokatuko dute. Aretxabaletak Urkoren zelaian neurtuko ditu indarrak bihar (16:00), Mondrak Idiazabalen jokatuko du (zapatua, 17:45) eta Soraluze izango du kontrario AloÒa Mendik (zapatua, 16:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak