Langileen ordezkariek esandakoak prentsa ohar bidez erantzun ditu Fagor CNAk, eta adierazi orain arte ez dutela jaso ez langileen aldetik, ez kooperatiba eta erakundeen aldetik, ezta inbertsoreen aldetik ere "aktibitatea eta enplegua mantentzeko inolako planik edo proposamenik".
Ildo horretatik, "babes finantzarioa duten ekimen serioak" babestuko dituela gaineratu du enpresak: "Edesa gertu dago beharrezko den kontuetan laguntzeko, haren nahia delako proiektuari jarraipena ematea".
Bestalde, hartzekodunen konkurtsoaren baitan lanean diharduela ere adierazi du Fagor CNAk, eta laster, enplegu-erregulazioko espedientearen gaineko kontsultak hasiko dituela. Horren harira dio datozen asteetan hitzarmen proposamena aurkeztuko duela hartzekodunendako.