Emozio guztia bigarren zatian iritsi da. Izan ere, lehenengoan ez da joko gehiegirik ikusi berdegunean; bi taldeak nahiko apal aritu dira. Antzuolarrek eduki dute aukera garbiena, Aranaren jaurtiketa on batekin, baina atsedenaldira husnakoarekin iritsi dira.
Bigarren zatiaren hasierako minutuetan, lehengo lepotik burua. Bi taldeak intentsitate handiarekin, baina joko gutxi zelaian. Gilek bere oinetan eduki du partiduko lehen gola, baina ez du asmatu.
65. minutuan bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak Jauregiri –Antzuola–, eta kanpotarrek bat gutxiagorekin egin behar izan diote aurre partiduari. Eta nola, gainera. Partiduan bete-betean sartuta jarraitu dute antzuolarrek, eta bost minutu geroago, polemika piztu duen jokaldia etorri da. Aranak falta atera, eta Altzetak errematatutako baloia sareetara. Epaileak, baina, balio gabe utzi du gola, jokoz kanpokoa adierazita. Kanpotarren haserrea eragin du epailearen erabakiak, ez baita batere argia izan jokaldia.
Igor Larrearen mutilei min eman die jokaldi horrek, eta minutuak aurrera joan ahala, nabaritu da hori zelaian. Oñatiarrak partiduaren kontrola hartzen ari zirela, ordea, kontraeraso azkar baten ondorioz, Zabaleta –Aloña Mendi– egotzi du epaileak, bigarren txartel horia erakutsita. Indarrak berriro orekatuta.
Partidua berdinketarekin amaituko zela zirudienean, ordea, Aiastuik aurretik jarri du etxeko taldea (1-0), Ugartek bikain ateratako kornerra buruz errematatuta. 91. minutua zen.
Antzuolarrak berdinketaren bila joan dira buru-belarri, eta lerro guztiak aurreratu dituzte helburu hori lortu nahian. Hala ere, ez dute aukerarik izan horretarako, eta kontraeraso azkar bat baliatuta, partidua erabakita utzi duen gola sartu du Ugartek 95. minutuan (2-0).
Ohorezko erregionalean, asteburu makala gurekoendako
Kategoria bat gorago, Ohorezko erregional mailan Mondrak eta Aretxabaletak galdu egin dute etxetik kanpora. Aretxabaletarrek 3-2 Hernanin, eta 3-1 Mondrak Añorgaren zelaian. Bergara, berriz, puntu bat batzeko gauza izan da Urolaren kontra (1-1), Zumarragan.
Emakumezkoetan, berriz, Leintz Arizmendik 4-1 galdu du Barakaldon.