"Emakume gutxi gaude taldean, eta emakume gehiago batzea gustatuko litzaiguke. Uste dut emakumeen artean oraindik beldurra dagoela, baina triatloian ez dira derrigorrez distantzia luzeak egin behar, distantzia motzagoak ere badaude, eta, azken finean, lagun giroan disfrutatzea da helburua", nabarmendu du taldeko presidenteak.
Horrez gain, taldearen asmoa da ahalik eta proba gehienetan parte hartzea. "Euskadiko zirkuituko duatloi, triatloi eta duatloi-kroseko probetan parte hartzea da gure helburua, baita Nafarroa, Errioxa, Kantabria edota urrunagoko beste batzuetan ere", dio Oiartzabalek.
Bestalde, lasterketak antolatu ere egiten ditu Antxintxika taldeak. 2017an, adibidez, 100x100 igeriketa proba egin zuten Aretxabaletan, urtarrilean; ekainean, Bergaran, gaztetxoei zuzendutako TriTxiki proba antolatu zuten eta azkenik, azaroan –Behobia-Donostia herri lasterketa baino astebete lehenago– Soraluze-Bergara lasterketa, 10 kilometrokoa.
2018ari begira, helburu berarekin jarraitzen du triatloi taldeak. "Batetik, probetan parte hartu eta ahal dugun mailarik onena eman. Bestetik, antolatzen ditugun probetan gauzak ahalik eta txukunen egiten saiatu, partaideak mimatuz eta animatuz urtero gurekin etorri daitezen probetara", nabarmendu du taldeko presidenteak.
Antolatutako lasterketei erreparatuta, TriTxikia eta Soraluze-Bergara izango dira 2018an taldeak antolatuko dituen bi probak.
Taldera batzeko gonbita
Antxintxika Triatloi Taldearen ateak edonorentzako zabalik daudela azpimarratu nahi izan du Oiartzabalek. "Gazte zein heldu, emakume zein gizon. Guregana etortzeko animatu nahi ditugu. Antxintxika lagun talde bat da eta sartzen den edonori laguntzen saiatuko gara. Taldearen filosofia kirola sustatzea da eta kirolaz gozatzea, ez lasterketak irabaztea. Beraz, animatu zaitezte!", adierazi du.
Hain zuzen ere, hori da Antxintxika, ate bat. Taldeko kide den Patxi Torresek azaldu duenez, asmoa da kirola egin nahi duenarendako erreferente bat izatea, beldurra kentzeko aukera hori ematea. "Kirolari askok gurekin ematen dituzte lehen urratsak, eta gero talde hobeagoetara joaten dira. Beste batzuk itzuli ere egin dira ondoren. Kirolari oso onak ditugu, baita maila baxuagokoak ere, eta hori da gure filosofia. Guztiak ongi etorriak dira gure taldean".
Laguntzak
Baliabideak lortzeko zailtasunak dituztenei ere laguntzen diete Antxintxika taldetik. Neoprenoak, bizikletak eta abar uzten dizkiete, eta lizentziak lortzeko ere laguntza ematen diete, Oiartzabalek azaldu duenez. "Triatloia egitea garestia da, eta gu, alde horretatik, erraztasunak ematen saiatzen gara".
Eskerrak
Aurkezpen ekitaldia baliatuz, babesleei eskerrak emateko aprobetxatu du Antxintxikak: Servimasa, Polmetasa eta Mobel Sport. Bestalde, Arrasateko eta Bergarako Udalei ere eskerrak eman nahi izan die, emandako laguntzagatik.