Ricardo Perez: "CNAtik esan digutenez, hamar komertzialekin jarraitzea da euren asmoa"

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 19a, 14:01

Ofizialki ez dute ezer jakinarazi, baina langile guztien lan-kontratuak etengo dituztela uste dute Edesako enpresa batzordekoek, aipatutako komertzialen salbuespenarekin. Honek lotura izan dezake, CNAk, aurreko astean egindako iragarpenarekin, non lanposturik gabeko eta soilik produktuen merkaturatzean oinarritutako proiektu bat aipatzen zuten.

Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeko kideek batzarra egin dute gaur 11:00etan, Kulturaten, eta behin hau eginda, prentsa agerraldia egin dute batzarrean landutakoaren berri emateko. 

Bertan izan dira, Jesus Lasa Geyser enpresa batzordeko presidentea, Ricardo Perez Edesako enpresa batzordeko presidentea, LAB sindikatuko Xabier Arrieta eta ELAko Patxi Zubizarreta.

Ricardo Perezek salatu du, CNAko jabe den Jorge Parladek Edesarako proiektu industriala jada alboratuta daukala. Aurreko astean, CNAtik, lanposturik gabeko eta soilik produktuen merkaturatzean oinarritutako proposamen irragarri zieten. Eta, ofizialki ez jakinarazi arren, Perezek esan du hamar komertzialekin aurrera egiten dela CNAren asmoa. "Esan digutena da, hamar komertzialena ezik, gainontzeko langile guztien kontratuak etengo dituztela".

Fagor markaren erabilpenaren inguruan, adierazi dute, esan dute , ez lukeela zentzurik edukiko CNAk Fagor marka erabiltzen jarraitzea ekoizpena Txinan egiten duten artean. Hala ere, uste dute, bailaran enplegua sortzeko proiektu bat duen inbertsore bat agertuz gero, Fagor S. Coop-ek marka uztearen alde egin beharko lukeela. "Guk argi diogu: Fagorren izaera milaka pertsonen lanaren ondorioa da, eta ezin dugu balio hori galtzen utzi. Fagorrek enplegua sortzearen zerbitzura egon behar du".

Inbertsore berririk dagoen galdetuta, adierazi dute, interesa daukaten inbertsoreak egon badaudela, baina ez dutela eurekin inongo kontakturik izan.

Azkenik, momentu honetan arduraz jokatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Konkurtso-administratzaileari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, ez dezatela proiektu hau jausten utzi".

Prentsaurrekoa egin ostean, Seber Altuben Plazan kontzentrazioa egin dute langileek. Orain arte bezala, alboan izan dituzte herriko alderdi politikoen ordezkariak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak