Proiektu hau jaio zenetik, 2014an, urte bakoitza erronkaz betetakoa izan da. Hain zuzen ere, honaino iristeko, askok bota dute izerdia, eta ziklista batzuen ametsak bidean geratu dira. Orain, beste batzuek dituzte amets horiek egia bilakatzeko aukera, eta horretarako urte aproposa da aurretik datorrena. 2018a bereziki da garrantzitsua Euskadi Murias taldearendako, bere ibilbidean beste aurrerapauso bat eman du eta, Kontinental Profesionalera salto eginda.
Mikel, astebete egin duzue Benidorm inguruan entrenatzen. Ze itxura hartu diozu taldeari?
Mikel Aristi: Bada, gustura egon naiz. Niretako, lehenengo hartuemana izan da talde berriarekin eta eroso sentitu naiz. Uste dut urte polita egiteko moduko taldea daukagula.
Julen, urtarrila badoa aurrera; hastera doa txirrindularitza ikuskizuna.
Julen Irizar: Bai, datorren astean bertan taldea martxan jarriko da; batzuek Mallorcako Challengean egingo dute debuta eta guk ere asteburu horretan izango ditugu lehen lasterketak. Egia esan, gogotsu gaude.
Dagoeneko jakinekoa da hasierako hilabete hauetan taldea Mallorcako Challengean, Kataluniako Voltan, Andaluziako Itzulian... egongo dela. Egutegia poliki-poliki badoa itxura hartzen, eta hitzordu handietan izango zarete.
Irizar: Egutegi aldetik ezin dugu kexarik izan, lasterketa garrantzitsuetan lehiatzeko aukera izango dugu eta. Orain, geratzen dena da guk maila ematea.
Mikel, azken bi urteak Frantzian egin dituzu, Delko Marseille KTM taldean. Zelako urteak izan dira?
Aristi: Denetik izan dut, ona eta txarra. Lehenengo urtea oso zaila izan zen, gaixo egon nintzen [birus batek pikutara bota zuen denboraldia] eta ez nuen batere gozatu. Bigarren urtean, berriz, momentu onak izan ditut, eta orain, ikuspuntu orokor batetik ikusita, esperientzia positiboa izan dela uste dut. Ziklista moduan hazi egin naizela uste dut, eta sekulako ilusioarekin nator talde berrira.
Urte txar batetik datorren ziklista batendako helmugan besoak altxatzea arnasa hartzea da. Konta egiguzu Afrikako esperientzia hura [otsail amaieran Amissa Bongoko itzuliko lehen etapa irabazi zuen, esprintean].
Aristi: Bizipen ederra izan zen. Itzuli hartan Europako eta Afrikako taldeak batu ginen, eta abentura moduan hartu genuen lasterketa. Arazoak leku guztietan gertatzen dira, baita World Tourreko lasterketetan ere, baina Afrikan, zoritxarrez, ez dituzte hemen ditugun baliabideak, eta txirrindularitzan ere igarri egiten da hori. Etapa bat, esaterako, bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek hainbat arazorengatik. Baina beste txirrindularitza bat ezagutzeko aukera eman zidan, Afrika gertuagotik ezagutzeko aukera, eta horrekin geratzen naiz.
Julen, zuk iaz egin zenuen Kontinental mailan lehen urtea; bigarren urtea duzu taldean. Jon Odriozola zuzendariak aitortu du kategoria berriak zorroztasun handiagoa eskatzen duela.
Irizar: Taldeak hiru urte egin ditu Kontinental mailan eta nire iazko urtean momentu onak eta ez horren onak izan nituen. Orain, koska bat gorago egotea eskatuko digute, kategoriaren izenak berak horixe eskatzen du eta.
Taldean badituzue lidergoa hartzeko ardura izango dutenak. Eta beste batzuek horien ondo ondoan egon beharko duzue.
Irizar: Halaxe da. Iazkoa, niretako, ikasteko urtea izan zen, profesional mailan lehiatzea zer den ikusteko urtea. Aurtengoak egonkortzeko urtea izan behar du, eta taldera etorri diren eta lider izateko ardura duten horiei laguntzea tokatuko da.
Dagoeneko zehaztu duzue zuen egutegia nondik norakoa izango den?
Irizar: Nik denboraldi hasiera Frantzia inguruan egingo dut, bertan egongo naiz-eta hilabetez. Marseillan dut lehenengo lasterketa, bertan egiten duten klasiko bat izango da lehenengoa, eta ondoren, iparralderago dauden beste bizpahiru itzuli egingo ditut, ia jarraian.
Eta zuk, Mikel?
Aristi: Ni Kolonbian hasiko naiz, otsailaren 6tik 11ra bitartean egiten duten itzuli batean –Colombia Oro y Paz– eta handik bueltan ikusi egin beharko da zelan itzultzen garen, eta orduan baloratuko dugu ze lasterketatan egon gaitezkeen.
Aurrerago datoz, esaterako, Euskal Herriko Itzulia, Vuelta edota Donostia Klasikoa moduko lasterketak, eta taldea bertan egon daiteke. Horietan irteera puntuan egotea ametsa izango litzateke.
Aristi: Orain esan duzu; umetatik amestu egin dugu horietan egotearekin. Orain, ametsa izan beharrean helburu bilakatu da Muriasi esker, hor egoteko aukera ematen digulako taldeak.
Julen, Espainiako Vuelta. Munduko hiru asteko itzuli handienetako batean egoteko aukera izan dezake taldeak.
Irizar: Ametsa da, bai. Taldeak hor egoteko aukera dauka, baina uste dut oraindik, niretako, goiz samar dela, gaur-gaurkoz handi geratzen zaidan kirol erronka bat da.
Batez ere, lasterketako iraupenagatik diozu?
Irizar: Hori da. Orain arte ikusi dut lasterketa egunak bata bestearen ostean kateatzen ditudanean nire kirol mailak behera egiten duela. Horrenbestez, ez dut pentsatu ere egin gura zer gertatuko litzatekeen hiru astetako lasterketa batean. [Barre]
Hori galdetu nahi dizuet. Ziklista moduan, ze arlo indartu gura duzue aurten?
Irizar: Bada, orain aipatu duguna, erregularrago izatea falta zait. Itzuli bateko etapa ezberdinetan maila antzerakoan jardun gurako nuke, beherakada nabarmenik izan barik.
Aristi: Arlo guztietan gurako nuke koska bat gora egin: aldapa gora, lautadan, esfortzuetatik errekuperatzeko orduan...
TALDEA OFIZIALKI AURKEZTU ZUTEN ATZO:
Atzo –eguena– aurkeztu zuten, Gasteizen, Euskadi Murias talde berritua: "Gaur, egun handia da, euskal talde bat berriro ere munduko lasterketa onenetara itzultzen delako", adierazi zuen taldeko zuzendari Jon Odriozolak. Hala, urteetako lanaren ostean errealitate egin den ametsa amari eskaini zion oñatiarrak. Horrekin batera, esker oneko berbak izan zituen babesle den Murias Taldearendako, proiektu horretan sinestearren. Hain zuzen, errepidean Mikel Aristi eta Julen Irizar izango dira talde horretan Debagoiena ordezkatuko dutenak. Baina ez dira bakarrak izango. Aipatu bezala, Jon Odriozola oñatiarra izango da proiektuaren buru; azken urteotan moduan, masajista lanetan jarraituko du Jon Rivero bergararrak, eta Eneko Garai aretxabaletarra izango da mekanikarietako bat.
Garai, Aristi, Odriozola, Irizar eta Rivero, atzo Gasteizko aurkezpenean. Argazkia: Angel Ezkurra.
Aurkezpenean Aristik eta Irizarrek zale bergararren babesa izan zuten. Argazkia: Angel Ezkurra.