Etxekoak igo ziren lehenbizi agertokira. Herrikide eta lagunek harrera beroa eman zieten, eta emanaldi osoan zehar, lehen lerroetako zaleek ez zioten dantza egiteari utzi. Stoner, metal edota pop doinuak antzeman daitezke Kimera hirukote oñatiarraren kantuetan, nahiz eta emanaldia erritmo balada batekin bukatu.
Arrasatearrak aldiz gogor hasi ziren eta gaztelekua altxatu zuten. Lehen akordetik jende guztia erotu zen eta gogotik egin zuen dantza. Zapatuan argi geratu zen Governors taldearen jarraitzaileek disko berri bat nahi eta behar zutela.
Ziklo berria, disko berria
Bi urtez zaleak itxaroten eduki eta gero, 2017an Arrasateko talde arrakastatsuak disko berria argitaratu zuen. Azken lan honetan, argi ikusten da Governorsek arnasa hartu eta guztia ordenan jarri duela. Z.E.R.O.(Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako) hamar abestiz osatutako diskoa da.
Baga-Biga diskoetxearekin kaleratu duten lan hau ez da lineala. Rock lodia erraietan duten abestiez gain, proposamen melodiatsuagoak ere jaso dituzte. Hala ere, abesti guztietan agerikoa da Governors taldeak berezkoa duen soinua.