Aretxabaletako saihesbidea ordu luzez egon da itxita, lan handia zuten ikerketa abiatzen, bidea garbitzen, autobusaren eta motoaren arteko talka handia izan zelako: “Autobus gidaria lankidea dut, eta berria jakiteaz batera etorri naiz. Dakiguna da bera Eskoriatzatik zetorrela, saihesbidetik, eta zerbitzua amaituta etxerako bidean zetorrela. Motoa, berriz, kontrako norabidean zetorren, Arrasatetik Eskoriatzarantz. Kolpe oso handia izan da”.
Lekura iristeaz batera begi bistakoa zen istripua zenbaterainokoa izan den. Motoa –Ducati bat– txikituta zegoen, eta autobusa bidebazterrean: “Ni goiko txabolan nintzen eta ez dut zuzenean ikusi, baina talka Aretxabaletako sarrera baino gorago izan da, eta kolpearen ondorioz metro asko egin dituzte Arrasateko noranzkoan”, zioen Aretxabaletako bizilagun batek.
Zubillagako suhiltzaileak bakarrik ez, Eibarkoak ere etorri ziren laguntzera. Hasieran auto ilara luzeak sortu ziren, ertzainek eta Aretxabaletako udaltzainek zirkulazioa herri barrutik bideratu zuten arte. Ertzaintzaren ikerketak zehaztuko du gertatutakoa.