Ikerketa zabalik dauka Ertzaintzak istripuaren nondik norakoak argitzeko, baina eskuartean duten hipotesiaren arabera motor gidariak kontrola galdu zuen, lurrera erori zen eta autobus azpira sartu. Motorrak, ostera, aurrez aurre jo zuen autobusaren kabinaren aurka gidaria bete-betean harrapatuz. Ikerketan aurrera egiteko, istripuaren gaineko argibideak emango dizkien lekukoak nahi dituela adierazi du Ertzaintzak. Hala, Gipuzkoako trafikoko unitateko telefono hau jarri du herritarren eskura: 943 53 91 25.
GI-627 errepideko 32. kilometroan izan zen istripua, Aretxabaletako saihesbideko sarreran, Arrasateko noranzkoan hain zuzen ere. Istripuaren ondorioz itxi egin zuten zirkulazioa bi noranzkoetan eta auto ilarak sortu ziren. Errepidea garbitzeko hainbat ordu behar izan zituzten, eta 5:10ean geratu dela guztiz zabalik adierazi dute Segurtasun Sailetik.
Herrizaingo sailak jakinarazi zuenez bi gidariak bertan hil ziren istripuaren ondorioz. Motor gidaria autobusaren azpian harrapatuta gelditu zen, eta autobus gidaria kabinan. Istripuaren berri izandakoan larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, tartean suhiltzaileen dotazio bat, eta osasun-langileek bi biktimen heriotza egiaztatu zuten.