Governors taldeak bere seigarren lana aurkeztu zuen abenduaren 6an Durangoko Plateruena antzokian, Z.E.R.O. –Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako–, eta disko horren aurkezpen bira egiten ari da orain, Euskal Herriko hainbat txokotan. Hamar abesti ditu disko berriak, eta Bizhilik eta Diabolus dira lan honetako singleak. Melodiak ardatz hartuta, rock eta metal doinuak uztartzen dituzte arrasatearrek Z.E.R.O. lanean ere, eta bihar, zapatua, horretaz gozatzeko aukera izango da.
Governorsen kontzertuaren aurretik, ostera, Kimera talde oñatiarrak lehen diskoa aurkeztuko du –Kimera–, Tximino ixilak single moduan hartuta. Stoner, metal edota pop doinuak ere antzeman daitezke hirukote oñatiarraren kantuetan.
Bestalde, hilaren 19an Glaukoma eta Autobus Magikoa taldeen kontzerturako sarrerak salgai daude gaztelekuan, zortzi eurotan.