Euskal Herriko I. Rally Topa egingo dute

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 5a, 10:20
2017ko Kameratoiko sari banaketako argazki bat. Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea.

Euskaltzaleen Topaguneak film labur rallyen rallya jarri du martxan, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko; orain, Euskal Herri mailan egiten diren film laburren lehiaketen egutegia prestatzen ari dira, guztiak kontuan hartzeko.

2018an egiten diren euskarazko film laburren lehiaketa guztietako finalisten finala egingo dute abenduan, Irudienean, Durangoko Azokan. Helburua da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta indartzea eta, horrez gain, film laburren lehiaketa horiek guztiak ezagutaraztea. "Euskarazko sorkuntzari ekarpen handia egiten diote lehiaketa hauek, eta hori oso garrantzitsua da. Hori horrela, nor bere herrikoetan bakarrik ez, beste edozein lehiaketatan parte hartzera ere gonbidatu nahi ditugu herritarrak"; azpimarratu du Leire Lardizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko kideak.

Batez ere, sortzaile gazteengan eragin nahi da egitasmo horrekin, baina herritar oro parte hartzera gonbidatuta daudela ohartarazi dute.

Sariak

Esan bezala, I. Rally Topa 2018ko abenduan izango da, Irudienean, eta han finalista guztien lanak proiektatuko dira. Epaimahai batek baloratuko du zeintzuk diren lan onenak eta publikoak ere bere hitza izango du epaimahai moduan, publikoaren saria egongo da eta. Rally Topean gailentzen direnek, Euskal Herri osoko onenak izatearen ohoreaz gain, saria ere jasoko dute. Honako hauek dira banatuko diren sariak: 24 ordu baino gutxiagoan sortutako film laburrak: 300 euro eta sorpresa; 24-48 ordu tartean sorturiko film laburrak: 300 euro eta sorpresa eta Publikoaren Saria –proiektatuko diren lanen artean aukeratua–: 300 euro.

Egutegia osatzen

Rally Topean parte hartuko duten film laburrak ezaugarri komunak dituzten lehiaketetatik etorritakoak izango dira: 12-48 orduko tartean eta gai, leku eta objektu bat oinarri izanda egindako euskarazko film laburrak. Hori dela eta, ezaugarri horiek dituzten lehiaketa guztien egutegi bat egiten ari da Euskaltzaleen Topagunea. "Badakigu asko direla. Horregatik, ahalik eta egutegi osoena egin nahi dugu eta horretarako guztion laguntza behar dugu", dio Lardizabalek. Lehiaketaren baten berri emateko, kultura@topagunea.eus helbidera idatzi daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak