Gas naturalari dagokionez, tarifa %6,2 garestituko da urte berriarekin. Argindarraren faktura ere handituko da. Ze, Espainiako Gobernuak argindarraren bidesariak izoztuta utzi dituen arren, fakturaren ia bi herenak konpainien eta handizkako merkatuaren mende daude, eta hor aurreikusten da igoera. Eta abenduan %4,6 garestitzetik dator, gainera.
Autobideetan, AP-1eko eta A-8ko kanona %3,5 garestitu da Gipuzkoan. Aldiz, indarrean sartu da errepide horien Bizkaiko eta Arabako zatiak erabiltzeagatik hileko 45 euroko gehienezko muga. Gipuzkoako gehienezko 30 euroei gehituta, EAEko zatietan AP-1a eta A-8a erabiltzeagatik 75 euro izango dira.
Garraio publikoari dagokionez, Mugi txartelari lotutako zerbitzuetan ez da igoerarik izango.
Eta posta zerbitzua; ba zigiluak %10 igo dira, eta Arrasatetik Iruñeara gutuna bidaltzea, adibidez, 0,55 kostatzen da, 0,50 beharrean.
Bestalde, Euriborra zer? Euriborrak %-0,19an amaitu zuen abendua, gutxiengo historikoekin segiz, eta 2018 bukaerara arte behintzat ez da goranzko joerarik aurreikusten.
Azkenik, lanbide arteko gutxieneko soldata %4 igo du Espainiako Gobernuak, 736 euroan kokatuz, eta pentsioek, berriz, %0,25 egin dute gora, legeak agintzen duen gutxieneko igoera, hilean hiru euro ere ez, batez beste. Diru sarrerak bermatzeko errenta %1,5 igo du Jaurlaritzak, iazko KPIa beste, eta pertsona bakarreko familia unitateak 644 euro jasoko ditu horrela, eta hirukoak 915.