Alzolak eta Azkorbebeitiak podiumean agurtuko dute urtea

Xabier Urtzelai 2017ko abe. 31a, 16:12

Bergarako San Silbestre Trail lasterketak parte-hartze errekor guztiak hautsi ditu, bikote mistoen kategoria gehitu izana erabat arrakastatsua izan delako. Gizonezkoetan lehia estua izan dute azken metroetan Iñigo Alzola arrasatearrak eta Ander De Luisek, eta lehenengoak hiru segundogatik irabazi du (26.01). Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitiak ez du kontrariorik izan (29.18).

Eta hori, 2017an besteak beste Munduko Kopa eta Zegama Aizkorri –errekorrarekin– irabazi dituen Maite Maiora izan dela irteera puntuan. Mendarokoa, baina, 2018ra begirako prestakuntzan dabil buru-belarri, eta orain momentuan Aizkorbebeitiak beste txispa bat duela erakutsi du. Ikusgarria izan da, baina, maila horretako bi mendi lasterkari Bergaran batu izana. Podiuma osatzen hirugarrena aspaldian oso ondo dabilen Lidia Peña bergararra izan da; ondo gordetzeko moduko erretratua lortu du sari banaketa ekitaldian, Maiorarekin eta Azkorbebeitiarekin osatu du-eta hiruko azkarrena.

Gizonezkoetan, berriz, San Silbestre Trail lasterketak dituen lau edizioetan irteera puntuan egon den Iñigo Alzolak irabazi du. Ez irteera puntuan bakarrik, baita podiumaren bueltan ere, baina sekula ere irabazi barik. Bada, urtero moduan hasieratik erritmo izugarria jarrita lehenengoa iritsi da ibilbideko punturik gorenera, baina lasaitu egin da beheranzkoan, eta atzetik etorrita Ander De Luisek ezuste ederra eman dio. Herri barruan, azken kilometroan, baina, Arrasatekoak Soraluzekoa estutu du. De Luis hustuta zetorren goitik behera egindako esfortzuagatik, eta azken metro horietan Alzola azkarragoa izan da. Hirugarrena, berriz, Oñatiko Xabier Lete izan da.

Urtarrilaren 2an Goiena Telebistak lasterketaren gaineko erreportaje zabalagoa eskainiko du.

Sailkapena gizonezkoetan:

  1. Iñigo Alzola (Arrasate) 26.01
  2. Ander De Luis Cabezon (Soraluze) 26.04
  3. Xabi Lete Biain (Oñati) 26.31
  4. Ioritz Conde (Elgoibar) 27.27
  5. Markel Fernandez (Bergara) 27.31

Sailkapena emakumezkoetan:

  1. Oihana Azkorbebeitia (Abadiño) 29.18
  2. Maite Maiora (Mendaro) 30.30
  3. Lidia Peña (Bergara) 33.23
  4. Ainara Uribarri (Oñati) 34.00
  5. Olatz Korkostegi (Oñati) 35.19

Bikote mistoen sailkapena:

  1. Jon Aranburu eta Garazi Sanpedro, 33.27 (Atxondo)
  2. Andoni Guridi eta Estela Biain, 35.15 (Oñati)
  3. Ainhoa Aspiazu eta Gorka Eraña, 36.09 (Bergara)
  4. Olatz Azpitarte eta Roberto Azpitarte, 36.43 (Elorrio)
  5. Arantzazu Larrañaga eta Patxi Rubio, 37,05 (Uharte Arakil)
Erlazionatuak

San Silbestre Trail 2017 argazkiak

Xabier Urtzelai 2017 abe 31 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak