Lehiakortasuna eta futbola modu hezigarrian, Bixente Etxeandiaren omenezko partiduetan

Bixente Etxeandiaren omenezkoan, partidu bat jokatzen.

Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Eibarko eta Soraluzeko 270 neska-mutiko inguruk hartu dute parte aurtengo Bixente Etxeandiaren omenezko partiduetan. 2009an, 2008an eta 2007an jaiotako partaideek balio hezigarriak jaso dituzte beste behin partiduetan.

Bixente Etxeandiaren omenezko partiduen helburuak hauek izan dira beste urte batez: formazioa eta umeei aukera ematea bailaran bertan halako txapelketa bat jokatzeko.

Eskola kiroletan dabiltzan parte-hartzaileak izan dira txapelketan jokatzen, Eskola Kirolaren barruan antolatzen den txapelketan. Antolatzaileen ardura nagusia da futbol txapelketa "modu hezigarrian" aurrera eramatea, horixe adierazi du futbol eskolako koordinatzaile Iker Arriolabengoak.

Irabazleak

2009an jaiotakoen talde irabazlea Mondra B taldea izan da. Bigarren sailkatu dira Bergara B taldekoak, hirugarren gelditu dira Mondra A taldekoak, eta laugarren postuan gelditu da UDA E taldea.

2008an jaiotakoen artean, berriz, txapelduna Bergara B taldea izan da. Bigarren Soraluze gelditu da, hirugarren Mondra D eta laugarren UDA A.

2007an jaiotakoen artean, ostera, Eibar izan da txapelduna. Mondra sailkatu da bigarren eta UDAko bi talde gelditu dira hirugarren eta laugarren postuan.

'Eskua' saria

Sari berezia izaten da antolatzaileendako Eskua saria. Sari horren esanahia hauxe da: errespetua sustatuz kirola uztartuz Aretxabaletan. Eta urte bakoitzean jaiotakoen artean saridun nagusi bana izan dira.

2009an jaiotakoen artean, Aloña Mendi eta Eibar taldeari eskaini diote aurten Eskua saria. Multzokako talderik onenak izan direlako, puntu eta jokoagatik onenak gelditu direlako. "Ez ziren sailkatu arauak ez zituztelako betetzen jokalari kopuruagatik, baina horren aurrean erakutsi zuten jarrera onagatik saritu nahi izan ditugu", adierazi du Arriolabengoak.

2008an jaiotakoen artean, Jurgi Larrinaga UDAko jokalariari eman diote saria. "UDAren errepresentazio moduan eman diogu saria gure hainbat balio erakusten dituelako: konpromezua, esfortzua, talde lana eta euskara. Defentsa moduan jokatzen du eta ez da golegilea, baina egiten duen lana saritu nahi izan dugu", azaldu du Arriolabengoak.

2007an jaiotakoen artean, berriz, Aloña Mendiko neskei eta Aloña Mendi talde guztiari aitortu diote saria. "Taldean daukaten neska kopuruagatik, horiek erakutsi duten mailagatik, neskek kirolean dituzten zailtasunei aurre egiteagatik, eta futbola eta nesken kirola indartu nahi dugulako, horregatik guztiagatik eman diegu saria eurei", esan du Arriolabengoak.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.