2017ko azken Judo Eguna egin dute. "Horren ohikoa ez den kirol hau plazaratzea eta ezagutaraztea da topaketa honen helburua", azaldu du Desoreka taldeko kide Markel Urrutiak. Goizean txikienen txanda izan da eta arratsaldean nagusiagoak ariko dira judoan.
Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara bitartean, Judo Koop izeneko lehiaketa egingo dute, Urrutiaren esanetan, "lehiatzen ikasteko lehiaketa". Dinamika kooperatiboen bitartez, haurrek lehiatzen ikastea da honen helburua. "Konpetentzia digitalak erabiliz, rol ezberdinak hartzen dituzte ikasleek. Lehenengo araudia ondo ikasi eta epaile lanak egiten ikasten dute. Behin kirolaren arauak ondo barneratuta, errazagoa izango zaie lehiatzea, taktikak eta estrategiak hobeto menderatuko dituztelako", azaldu du Urrutiak.
Hezkuntza arlotik datorren kontua da, baina kirol eskolan txertatzeko ahalegina egingo dute. Beraz, gaur izango da lehen aldia judoarekin probatuko dutena, eta pixkanaka egitasmo hau garatzen joatea da helburua.
Bestalde, 18:00etatik 20:30era, Blakz Team taldekoekin elkarlanean arituko dira Desoreka taldekoak. "Hauek jiu-jitsu kirola egiten dute eta guk judoa. Bata bestearekin uztartu eta elkarrengatik ikastea izango da helburua".