Hasieratik ikusi da partidua berezia zela. Harmailetan ohikoa baino jende gehiago eta UDA kamiseta eta fraka larrosekin, Aspanogiren alde. Lehia hasierako talde argazkiaren ostean, bakoitzak bereari ekin dio. Biendako ziren garrantzitsuak puntuak.
Partiduaren nondik norakoa nahiko laua izan da. Emozioa eta tentsioa bai, baina, joko eskasa 90 minutuetan. Akaso, errespetua izan da protagonista. Talde biek elkarren artean izan duten errespetua. Hori horrela, gol aukera gutxi egon da. Jaurtiketa gutxi egon dira. Atezaineak apenas izan dute lana.
Bi taldeek bukatu dute gustura puntuarekin. Orain, oporrak hartuko dituzte. Hurrengo jardunaldia urtarrilaren 7an jokatuko dute: Aretxabaletak Ordiziaren zelaian, eta Mondra, Mojategin, Hernaniren kontra.
Bergarak, galdu
Aurreko astian berreskuratutako lidertza galdu du berriro ere Bergarak. Hernaniren kontra (sailkapeneko hirugarrena) galdu du 2-0. Hori horrela, Ordizia da berriro ere Erregional Preferenteko liderra.
Gabonetako oporren ostean, urtarrilaren 7an, Vasconia hartuko dute mahoneroek, Agorrosinen.