Haur minbizidunen eta euren familien bizi kalitatea hobetzea du helburu Aspanogi elkarte gipuzkoarrak, eta UDAk bat egin du ekimen horrekin: "Kirol taldeak lan sozial bat egiten dugun elkarteak gara, baina aldi berean, gizartearekin zorretan gaudela uste dugu. Hori horrela, zertan edo nor lagun genezakeen hausnartzen hasi ginen, eta Aspanogiren baloreak UDAko baloreekin alderatu genituenean konturatu ginen bat gentozela", adierazi du Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak.
Hirugarren ekipazioa
Bada, Markel Irizar ziklista oñatiarraren bitartez batu ziren UDAkoak eta Aspanogikoak, eta lanean hasi ziren: "Hasteko, UDAn beti gura izan dugu hirugarren ekipazio bat egin, eta salmentetako zati bat ekimen solidario batera bideratu. Ekipazioak prest daude eta Belar Meta dendan izango ditugu salgai 35 euroren truke. Uste dugu Olentzerotarako opari ederra dela. Baina, konturatu ginen askoz errazagoa zela Mondraren kontrako derbia aitzakia moduan erabilita sarrerak Aspanogiri bideratzea. Urtean bi partidu Klubaren Eguna izendatzen ditugu, eta horko diru-sarrera erabiltzen dugu klubaren ekonomiari bultzada emateko. Bada, hori egin beharrean domekako partidua Aspanogi Eguna izendatu dugu, Mondraren kontrako derbian jende asko etortzen delako Ibarrara eta espero dugu sarrera polita lortzea".
Elastiko berriarekin jokatzea
Horixe da UDAkoek gura dutena, Aspanogiren logoa ere badaraman hirugarren ekipazio berri horrekin jokatu ahal izatea domekan: "Baina, horretarako federazioaren baimena behar dugu, ea lortzen dugun".
Osagai askoko derbia
Berdegunera jaitsita, UDAren (22) eta Mondraren (26) arteko derbiak osagai guztiak ditu. Hainbat urtetan Aretxabaletak Mondrak baino talde indartsuagoa izan du, baina azken boladan hori aldatu egin da, eta orain parean daude biak ala biak. Orain arte jokatutako 14 jardunaldiek erakusten dute joan-etorri handiko denboraldia izaten dabilela bi taldeendako, nahiz eta arrasatearrak erregularrago dabiltzan. Zuri-moreak lider egon diren Bergara eta Ordizia menderatzetik datoz, topera dute morala, baina ondo dakite UDA Ibarran bestelako oilarra dela.