"Aurten amaitu dut duela 28 urte hasitakoa"

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 15a, 10:00
John Andueza, Danba! liburua eskuan duela. Argazkia: Noa Andueza.

'Danba!' liburua argitaratu du Elgetan bizi den John Andueza arrasatearrak, Elkar argitaletxearekin, eta helduentzako idazten duen bigarren nobela beltza du hau; datorren asteko Kulturrizketak saioan izango da Andueza, Leire Bilbao idazlearekin.

Duela 28 urte idazten hasitako liburua argitaratu berri du John Andueza arrasatearrak. "22 urte nituela, ipuin asko idazten nituen, Kazetaritza ikasketak bukatu berri nituen eta gauzak idazten aritzen nintzen. Halako batean, Belaunaldi kronikoa ipuina idatzi nuen eta aparkatuta utzi nuen, pentsatuz istorio indartsu bat zegoela atzean eta ipuin bat baino gehiago merezi zuela. Hilabete batzuen buruan forma emango niola erabaki nuen, baina pazientziaz hartu dut kontua, eta, hilabete batzuk beharrean, 28 urte izan dira, azkenean", azaldu du.

Paula Badiola abokatua da istorioaren protagonista; 40 urte inguru ditu eta Bilbon bizi da, alabarekin. Anduezak berak honela azaldu du trama: "Zuzenbide penaleko abokatua da, baina urteak daramatza kasu normalagoak defendatzen. Halako batean, inflexio puntu bat tokatzen zaio. Bere lankide batek eskatuta, gazte baten defentsa egitea onartzen du. Hasieran, nahiko delitu gogorra leporatzen diote gazte horri, baina okerrena da sokatik tiraka hasten denean, guzti horren atzean dagoenaz ohartzen dela. Beraz, ordura arte nahiko lasai eta eroso bizi izan den abokatua sare horretan korapilatuko da eta hortik aurrera gauzak asko aldatuko zaizkio".

Aurreko nobela beltza –Prime time–, ez zitzaion hain beltza irten, haren esanetan, eta, oraingoan, hori konpondu nahi izan du. "Gustura gelditu nintzen, baina umore handia zuen nobela beltza zen. Beraz, hibridoa zen eta inportantzia guztia kentzen zion benetan han gertaturikoari. Oraingoan, komediarik ez egotea erabaki dut, eta horretan jarri ditut indar guztiak". Durangoko Azokara ere eraman du liburua eta "Elkar argitaletxeko salduenetakoa" izan da, arrasatearraren arabera.

'Kulturrizketak' saioan

Datorren eguenean, hilak 21, Goiena telebistako Kulturrizketak saioan izango da Andueza, Leire Bilbao idazle ondarrutarrarekin batera –21:30–. Gehienbat, haur eta gazteentzako literatura landu izan du Bilbaok, eta Mokotxiki liburua da haren azken lana; Durangoko Azokan aurkeztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak