Kilometroak jaiaren aurkezpenean abesti bat jo ostean, "kontzertuetako adrenalina hori" sentitzeko gogoa etorri zitzaien, eta berriz jotzen hastea erabaki dute. "Orain, gainera, umeak-eta hazita ditugu eta denbora luzeagoa dugu entseatzeko", azaldu du Xabi Yanizek, taldeko abeslariak.
Horrenbeste denbora pasa ostean, hasieran "erdoilduta" sentitu zirela aitortu du Yanizek. "Azken urteetan beste pauta batzuekin ohituta geunden, eta nik, behintzat, akorde asko eta abestien letra gehienak ere ahaztuta nituen", adierazi du.
Kontzertuari erreparatuta, azken diskoko kantu gehienak, disko zaharreko beste hainbat eta uda honetan sortutako beste kantu bat joko dituzte. Ilusioz gainezka daude berriro ere kontzertu bat eskaintzeko. "Urte askoren ostean, herrian joko dugu, baldintzak onak dira, eta Joseba Tapia bezalako artista batekin partekatuko dugu oholtza", dio Yanizek.
Tapiaren lan berria
Yanizek esan bezala, Joseba Tapiaren lan berria –Besamotzak– entzuteko aukera ere egongo da. Trikitia gitarra elektrikoarekin aldatu du lasartearrak disko hori osatzeko. "Trikiti apur bat ere badago diskoan, Dani Narbartek jota. Baina nik neuk gitarra jotzen dut", dio. Bakarkako hogei urteko ibilbidean konposatu dituen 100 kantuetatik hamaika aukeratu ditu lan horretarako, eta kantu horiek rock estilora moldatu. "Hautaketan eragin handia izan du rock estilora moldatzeko nahi horrek", azpimarratu du.