Irudi digitalak harremanetan duen garrantzia landuko dute VII. Euspot lehiaketan

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 14a, 17:13

Ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera zabaltzea eta euskaraz lan egiteko gai izango diren profesionalak sortzea helburu duen Euspot lehiaketak, sare sozialen gaineko hausnarketa bultzatuko du 2018ko edizioan.

Publizitatea, sormena eta euskara bateratzen dituen euskarazko spot lehiaketaren zazpigarren edizioa abian da eta Irudi digitala gure bizitzako harremanetan leloa du. Aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolatzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduradun Edurne Balzategi eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Horiekin batera izan dira lehiaketari babesa ematen Iban Garcia youtuberra eta Ana Goitia instagramer ezaguna.

Sare sozialen gaineko hausnarketa

Berrikuntza ugarirekin dator 2018ko lehiaketa. Batetik, musika sinkronizazio onenaren saria izango da Audionetwork-ek eskainita, eta bestetik, trebakuntzan saiakera berezia egingo dela iragarri dute antolatzaileek: "Euskal Herri osoko hainbat eskolekin harremanak sendotu eta lan saio gehiago eskainiko dira".

Irudi digitala gure bizitzako harremanetan leloarekin sare sozialen erabileraren gaineko hausnarketa bultzatu nahi dute: "Sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dira, eta horrek gure artean harremantzeko moduak ere baldintzatzen ditu. Nerabe zein helduok, sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari garrantzia handiegia ematen ote diogu? Alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten ote diogu? Horretaz jabetu behar gara", adierazi dute. 

Maiatzaren 2a arteko epea

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2an bukatuko da. Guztira, 2.550 euro emango dituzte saritan, bost kategoriatan banatuta. Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an izango da, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean. 

Bost sari banatuko dituzte:

  • Spotik onena. / 1.000 euro
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
  • Publikoaren saria. / 500 euro
  • Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
  • BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoten webgunean dituzte eskuragai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak