Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko laborategia aurkeztu dute

Eneko Azkarate 2017ko abe. 14a, 13:51

Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia Laborategiaren aurkezpenean.

Tabakaleran aurkeztu dute euskarazko ikus-entzunezkoen Laborategia, proiektuaren egileek: Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek eta Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabalek. Tabakalerako patronoak diren hiru erakundeetako buruak, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea izan dira ekitaldian.

Ikus-entzunezkoen laborategia, Foru Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz planaren barruan garatu den proiektu esperimentala da. Gipuzkoaren "etorkizuneko erronkak identifikatu eta horiei erantzuna" ematen dien proiektua da, "irtenbide zehatz, benetako eta eraldatzaileekin".

Sektoreko eragileekin

Euskarazko ikus-entzunezko laborategiaren proiektua "sektoreko eragileekin luze eta zabal landutako elkarlan prozesuaren ondorioa" da: 80 elkarrizketa luze sektoreko ordezkariekin eta bi world kafe, sei adituz osatutako kontraste mahaia, lurraldeko 2.500 neraberen artean EHUk egindako kontsumoari buruzko ikerketa, eta nazioarteko erreferentziekin kontraste jardunaldiak. Gainera, hainbat proiektu pilotu abiarazteko edo egokitzeko ere balio izan du laborategiak: esate baterako, Go!azen telesail arrakastatsuaren transmedia proiektua, Next Station izenarekin euskarazko websail bat sortzeko lehiaketa, edota JarriON aplikazioa, euskarazko edukiak kudeatzeko eta ikusteko.



Kontsumoa handitzea

Misio zehatza izango du laborategiak: "euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatuz eta zabalkunde kanalak biderkatuz". Betiere, sektorea osatzen duten "eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz".

Helburuak, berriz, ondorengo lau puntuetan ardazten dira: "euskara sustatzea, irismena handitzea, sektorean eragitea eta nazioartekotzea sustatzea", Iban Arantzabalek adierazi duenez.



"Interakzioa eta lankidetza"

Laborategiak antena gisa funtzionatuko du: industriarako aukera berriak hauteman, nazioarteko tendentzietatik ekimen berriak proposatu, arrakastatsu eta berritzaile izan daitezkeenak identifikatu... Bestetik, inkubagailu papera ere jokatuko du, sorkuntzarako espazioak eta dinamikak baliatuta. Prototipoak garatu eta produkzio fasera pasa aurreko testatzea lantzeko eremu bat ere izango du. Zeharka, gainera, "sektorearen erraztaile lanak" egingo ditu: "interakzioa eta lankidetza, finantzazio aukerak, nazioartekotze estrategiak", eta abar. Amaitzeko, produktuen zabalkundea sustatzeko lan egingo du.



Laborategia Tabakalerako ekosisteman integratuko da eta, gainera, sektorearen parte-hartze zuzena bultzatuko du eta eragile ezberdinen arteko interakzio eta elkarlana bultzatzea izango du xede, besteak beste.

Euskara eta pantailak

"Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditzeko arriskua dago", adierazi du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, "pantaila bidez kontsumitu daitezkeen edukien sorreran sistematikoki eraginda, euskarazkoen kontsumoa nabarmen handitu daiteke".

Tabakaleraren bilakaeraz hiru erakunde akziodunok adostutako ikuspegia azaldu dute, hain justu ere, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udaleko ordezkariek, Markel Olano ahaldun nagusiarekin batera.

"Ausardiaz jokatu nahi dugu

"Gure kulturgintzaren eta sorkuntzaren ikur bihurtu nahi dugu Tabakalera, eta ausardiaz jokatu nahi dugu kulturaren alorreko orain arteko langak gainditzeko. Sormena eta sorkuntza sustatzeko bide berriak zabaldu nahi ditugu. Gaur aurkeztu den proiektua bat dator Tabakalerarako adostu dugun apustuarekin, pauso berri bat izango baita punta-puntako sorkuntzarako fabrika bat bilakatzeko bide horretan”, adierazi du Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Ikus-entzunezko gunea Donostian

Donostiako alkateak, halaber, "berri oso ona" dela iritzi zion euskarazko ikus-entzunezko guneak Donostian izatea egoitza, eta Tabakaleran, hain zuzen ere. Bere ustez, kultur zentro honek "ikus-entzunezkoen alorreko ekimen ezberdinak elkartuko baititu, eta elkarrekin egote horrek emaitzak emango ditu epe erdira". Hala, Zinemaldia, Euskal Filmategia, Zine Eskola eta euskarazko ikus-entzunezko edukien guneak "benetako ekosistema osatuko dute, eta bakoitzaren jardunak elkarrekin partekatuta, sorkuntzari lotutako aukera berriak irekiko ditu", Goiaren ustez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak