'Harmaila' kirol aldizkariak lehen alea argitaratu du

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abe. 13a, 17:46

Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterola 'Harmaila' aldizkariaren sortzaileak.

Euskara eta kirola uztartzen dituen komunikazioa egitasmoa da Harmaila. "Patxadaz irakurtzeko aldizkaria da, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena", azaldu dute Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterola sortzaileek. Egitasmoak aurrera egin dezan harpidedunak behar dituzte orain.

Harmaila aldizkariak kirola du ardatz, eta atera berri dute 1. zenbakia. Urtean bost ateratzeko asmoa dute, eta lan mardulak izango dira, "lasai irakurtzekoak"; lehen aleak adibidez 100 orrialde dauzka. Harpidedun egin behar da aldizkaria irakurri ahal izateko, online edota paperean. Aldizkaria hobeto ezagutzeko 0. alea online eta doan irakurtzeko aukera dago.

"Kirola eta kirolaria erdigunean jarriko ditugu, mamia landuz, azalean eta lardaskerietan geratu gabe, gaur egun kirolari leku askotan ematen zaion tratamendutik erabat aldenduz", azaldu du Iñaki Berastegi kazetariak.

Aldizkariaren filosofiaren euskarriak izango dira lurraldetasuna eta genero berdintasuna: "Euskal Herriko lurralde guztiei egingo diegu lekua, eta saiatu gara tokia ondo banatzen", nabarmendu du Eñaut Barandiaran gidoigile eta sortzaileetako batek.

"Harpidedunak behar ditugu"

Hasieran da Harmaila proiektua, eta aurrera egiteko harpidedunak behar dituztela nabarmendu dute hiru sortzaileek: "Ezinbestekoa zaigu harpidedun multzo zabala edukitzea proiektua bideragarria izan dadin. Animatu nahi ditugu Euskal Herriko kirolzaleak Harmailan eser daitezen gurekin batera. Ez zaie damutuko".

Urteko 40 euroko kuota ordainduta jasoko dira paperean urteko bost aleak, eta online bidezko harpidetzagatik 15 euro ordaindu behar dira. Harpidetza egiteko www.harmaila.eus webgunean sartu behar da, Denda atalean. Salmenta ere bultzatuko dute Euskal Herriko hainbat liburudenda eta kioskoetan, eta alea 10 eurotan egongo da salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak