Partida parekatua izan da eskubaloiko derbia Iturripen. Markagailuan ez du inork lortu erraz nagusitzea, eta baloi bakoitza irabazteko borroka polita bizi izan da Arrasaten. Aurreneko minutuetan txukun irten dira oñatiarrak kantxara (2-4), baina apurka Ford Mugarri defentsa gogortzen joan da, eta markagailua iraultzea lortu dute 6-5ekoa jarriz. Aloña Mendik akats dezente egin ditu erasoan, eta arrasatearrek ederki aprobetxatu dute aukera 10-7koa jartzeko. Hala ere, Oñatiko taldeak atsedenaldia heldu aurretik bi gol garrantzitsu lortu ditu markagailuan gerturatzeko (10-9).
Bigarren zatian defentsan bikain aritu dira Ford Mugarri taldekoak, eta 14-12 aurreratu dira. Hala ere, Fagor Industrialek bizpahiru jokaldi on lortu ditu jarraian eta markagailuan aurretik jartzea lortu du (18-19). Azken minutuetan akatsak pilatu dituzte oñatiarrek eta Arrasateko taldeak ez du hutsik egin erasoan. Azken emaitza 25-20koa izan da Iturripen.