Langileek izan behar dituzten gaitasun eta konpetentzien inguruan ikasleek hausnar dezaten antolatutako jardunaldia izan zen atzo, Arrasaten, egindakoa. Laneratze prozesuak inplikazio altuagoa eskatzen duela gaur egun jakinarazi zieten elkartutakoei, eta era berean, gogorarazi lana bilatzeko aukerak areagotzeko zeharkako konpetentziak garatzea beharrezkoa dela.
Ildo horretatik, informazio ona izatea ezinbestekotzat jo zuten: "Batetik kanpoan zer dagoen, lan merkatua eta horren egungo egoera eta norabidea ezagutzea, zein profil eskatzen diren; eta bestetik, norberaren barnean zer dagoen, zeintzuk diren gure benetako interesak, gure indarguneak lana bilatzerakoan edo hobetzeko alderdiak".
Bost ikasle ohirekin batera izan ziren kontu-kontari Mondragoneko Gestio Sozialeko Iñaki Belaustegi eta Soraluze Scoop. kooperatibako Ingeniaritza Saileko zuzendari Javier Torrella.