Gaurtik aurrera 8.854 Kultura Bonu jarriko dira salgai Gipuzkoako hogei herriko 51 dendetan. Denis Itxaso diputatuak azaldu duenez, Kultura Bonu hauen bidez "Eguberriei begira, kulturarekin gozatzea sustatu, saritu eta fidelizatu nahi da".
Debagoienean, Arrasateko denda batek eta Oñatiko lauk egin dute bat ekimenarekin. Kanpainarekin bat egin duten dendek bereizgarri bat izango dute. Bonua erositako dendan berean erabili beharko da abenduaren 4tik urtarrilaren 14a bitartean.
Bi bonu mota
Bonu bat, euskarazko liburuak, diskoak eta DVDak erosteko izango da, eta bestea, beste hizkuntzetakoak erosteko. Aldundiak 8.854 bonu jarriko ditu guztira herritarren eskura, horietatik 3.542 euskarazko produktuetarako, eta 5.312 beste hizkuntzetakoetarako. Aldundiak jakinarazi duenez, aurreko bi urteetan, gaztelaniazko bonuak oso egun gutxitan agortu ziren eta, euskarazkoekin, berriz, arazo gehiago izan ziren. Gaztelaniazko bonu kopurua handiagoa denez, deskontua pixka bat txikiagoa izango dela ere adierazi dute. Horrela, bonuaren prezioa 20 euro izango da bi kasuetan, baina euskarazko materialak erosterakoan 12 euroko deskontua egingo da, eta gainerako hizkuntzetakoak erosterakoan, berriz, 8 eurokoa.