Aralarren helburuak beteta ziklo bat ixtea erabaki du zuzendaritzak eta alderdia desegiteko proposamena egin du. Alderdikideek berretsi egin dute proposamen hori. "Aralar badoa, baina bere arrastoa utzi du. Jarraituko dugu gure estiloarekin", esan dute. Debagoienetik ere joan dira hamabost bat lagun; batzuk afiliatuak, eta beste batzuk, sasoi baten alderdiaren inguruan ibilitakoak: "Gutako gehienok sorreran parte hartu genuen eta agurrean ere egon gura izan dugu".
Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi du alderdiari amaiera emateak ez duela esan nahi sentsibilitate horri amaiera ematen zaionik. Eta bertan izan den Arnaldo Otegiri pasatu dio lekukoa.
Patxi Zabaletak, ostera, hunkituta egin du berba: "Eskerrik asko bidelagun izandako guztiei eta gurekin lehiatu diren guztiei ere bai".
Aralar alderdiaren gaineko erreportaje zabala argitaratuko du GOIENAk abenduaren 5ean Puntua aldizkarian.