Topaketa eguenean hasiko dute, abenduaren 14an. Santa Marina elizan egingo dute emanaldia, 16:30ean. Parte hartuko duten abesbatzak izango dira: Anaiarte Biltokia, Mutriku; Aiton Borda abesbatza, Lezo; Kasino Zaharra, Hondarribia; Gure Kabia, Añorga; Zeba, Olabarria; Biyak-bat, Lasarte-Oria; Gurea, Beasain; eta, Basotxo, Aretxabaleta.
Egubakoitzean, gehiago
Egubakoitzean, hilaren 15ean, egingo dute topaketaren bigarren emanaldia. Leku eta ordu berean izango dira kontzertuak. Zortzi abesbatza igoko dira oholtzara kantuan egitera, tartean Debagoieneko hiru talde. Orobione, Lazkao; Abaroa, Arrasate; Pake Leku, Oñati; Umore Ona, Ordizia; Goizalde, Urretxu-Zumarraga; Nao Etxea, Altza; Centro Social Unzaga, Eibar; San Joxepe, Bergara.
Abesbatza bakoitzak lau pieza abestuko ditu, eta horietako bat Gabon kanta bat izango da. Abesti herrikoiak izango dira gehienak, guztiendako doinu ezagunak izango dira.
Omenaldia egingo dute
Orain dela 25 urte hasi zuen ibilbidea Bergarako erretiratuen abesbatzak; orduan hasi zituztenen artean, sei lagunek jarraitzen dute gaur egun. Bada, sei lagun horiek omenduko dituzte hilaren 15ean egingo duten emanaldian: Karmelo Santorcuato, Honorio San Prieto, Fernando Azkarate, Nati Albisua, Mari Tere Etxaniz eta Justina Larrañaga. Ondoren, afaria egingo dute elkarrekin.