"Euskal Ligako kadete eta junior taldeei merezi duten prestaketa bermatzeko proiektua da hau. Ointxe! eta Araski taldeen bitarteko guztiak elkarbanatu eta erabiliko ditugu: kantxak, entrenatzaileak, garraioa, materiala...", adierazi dute Arrasateko klubetik: "2017-18 denboraldirako kadete mailako bi talde ditugu Euskadiko Ligan lehiatzen. Eta, Arrasate eta Gasteizko jokalariak ditugu bi taldeetan. Hala, Euskadiko talde bakarra izango gara Euskal Ligan bi talde dituena. Araski eta Ointxe taldeetako ordezkariek osatutako kirol batzorde batek zuzenduko ditu bi taldeak. Bi taldeetako entrenatzaileek, eta, prestatzaile fisiko batek eta ordezkariek osatuko dute lantaldea". Bada, entrenamenduetarako eta partiduak jokatzeko kantxak Arrasaten eta Gasteizen izango dituzte, eta txandaka ibiliko dira.
Balorazio positiboa Ointxe!-tik
"Ointxe!-tik eskertu nahi dugu Araski taldearen prestutasuna. Denok dakigu Araski taldeak egindako ibilbidea emakumezkoen saskibaloiari dagokionean eta zer nolako baliabideak dituzte. Bada, elkarlan honetatik denok irabazten dugula uste dugu".
Irene Murua Espainiako selekzioarekin
Bada, Ointxe-Araski taldeko ordezkariak hasi dira protagonismoa hartzen. Izan ere, abenduko zubian Espainiako 16 urtez azpiko selekzioak Zamoran jokatuko du nazioarteko torneoa –Italiako eta Turkiako selekzioak izango dira bertan– eta Irene Murua arrasatearra deialdian sartu du hautatzaileak. Ez da bakarra izango, Ointxe-Araski taldeko Teresa Mbomio gasteiztarra ere aukeratuen artean dagoelako.