'Jira bueltan' liburuxka-DVD bilduma banatu dute ikastetxeetan

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 27a, 14:52

Aurreko belaunaldiei jasotako kantuak eta jolasak berreskuratu eta biziberritzeko helburuarekin Jira bueltan bilduma egin dute Aretxabaletako, Eskoriatzako, Eibarko eta Elgoibarko udalek elkarlanean. Bilduma hori gaur banatu diete neska-mutikoei ikastetxeetan.

Jira bueltan liburuxka-DVDan jaso dituzte 14 jolas, 30 kanta-jolas eta 7 abesti. 12 urte arteko neska-mutikoendako gertatu dute, batez ere 4 eta 10 urte artekoendako, eta hain zuzen gaur, azaroak 27 Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikasle guztiek jaso dute ikastetxean. Umeekin jolastu gura duten guraso, irakasle eta hezitzaileendako ere oso aproposa dela iragarri dute horren sustatzaileek.

Ahotsak.eus proiektuaren barruan

Badihardugu euskara elkartearen Ahotsak.eus proiektuaren barruan garatu dute bilduma berria. Proiektu hori ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko sortu zen, eta bereziki, adinekoen testigantzak jasotzen dituzte, bideoan. Jasotako ondarea ikasgeletara eramateko asmoarekin, 2011. urtean hezkuntzako proiektua jarri zuten abian, hainbat udaletan. Eta Jira bueltan horren emaitza da.

Eibar, Elgoibar, Eskoriatza eta Aretxabaletako bederatzi ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu dute parte, Haur Hezkuntzakoak zein Lehen Hezkuntzakoak. Ondoren, Badihardugu elkartekoek umeak kantuan eta jolasean grabatu dituzte, eta ikus-entzunezkoak sortu, adinekoen eta umeen grabazioak batuta. 51 kanta eta jolas landu dituzte guztira, eta adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarrituta.

Eider Eibarren marrazkiak

Liburuxkan, kantuen eta jolasen letrak eta azalpenak datoz, diseinu koloretsuarekin eta hainbat irudirekin: ikastetxeetan egindako grabazioen fotogramak eta Eider Eibar marrazkilariak egindako marrazkiak. DVDan, berriz, kanta eta jolasen bideoak.

Durangoko azokan, aurkeztuko dute abenduaren 8an, Saguganbara aretoan (17:30). Eta Eider Eibar marrazkilaria bertan izango da.

Azokan bertan egongo da salgai, Badihardugu euskara elkartearen stand-ean. Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak Ahotsak Ikasgelan webgunean ere jarri dituzte, herritar guztien eskura Ahotsak.eus-en.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak